Alex Txikonek Gamiz-Fikako Burdin Hesiko Mendi Lasterketan parte hartuko dau

Bizkaie! 2024-02-20 13:34   Kirola

Zaid Ait Malek, Aritz Egea eta Raul Criado be izango dira.

Bagilaren 22an, Gamiz-Fikan, Burdin Hesiko Mendi Lasterketako bigarren edizinoko parte-hartzea sekulakoa izango da. Probarako sei hilebete falta dira eta 200 parte-hartzailek emon dabe izena. Izena emoteko epea zabalik dago.

Izena emon daben gizonezko kirolarien artean, Alex Txikon ezaguna; Zaid Ait Malek ultramaratoi korrikalaria (Skyrunner Munduko Txapelketan parte hartu eban eta Costa Rican 250 km-ko Volcano UltraMarathon irabazi eban; Aritz Egea, Espainiako ultra-traila birritan irabazi dauena, injineru elektronikoa, unibersidadeko irakaslea eta ikertzailea; edo Raul Criado WMRA 2021 Munduko Kopako irabazlea dagoz.

Emakumezkoen artean, Oihana Kortazar, Trail Running 2023ko Espainiako txapelduna eta Innsbruckeko munduko txapelketako zazpigarrena; Epic Trail Sky Marathon Buffeko edo Trail Valle de Tenako irabazlea, Oihana Azkorbeitia; eta Ainara Urrutia mendi-lasterketetako euskal hautatzailea nabarmentzen dira.

Burdin Hesiko Mendi Lasterketeak 1.750 metroko desnibela dau 37 kilometrotan zehar eta belardiak, basoak, bunkerrak eta lubakiak zeharkatu beharko ditue. Beste aukera bat Trail Laburra da, 13 kilometrokoa eta Martxea, 13 kilometrokoa.

Bestalde, erakunde antolatzaileak, Eperlandak, probatik ataratako etekinak helburu humanitario bati emongo deutsoz, hau da, Gurutzeta Ezkerralde ESIko minbiziaren eta gaixotasun kronikoen pediatriako arreta humanizatzera bideratuko da oso-osorik. Igaz 2023an Bartzelonako Vall D 'Ebron Ospitaleko Onkologia Institutuko sarkoma ikertzeko unitatea izan zan diruak eroan zituana. 

Gainera, Burdin Hesiko Mendi Lasterketea txapelketeak memoria historikoagaz lotutako helburua dau. Zirkuituan, Bilboko Burdin Hesiaren hainbat gune izango dira eta, boluntarioei eta birsortze historikoan jardungo dabenei esker, historia barriro biziteko aukerea izango da. Kirol-probeak ahaztu behar ez dan tragedia ekarriko deusku gogora.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu