Lucas Eguibarrek brontzea irabazi dau

Bizkaie! 2023-12-05 07:50   Kirola

Basque Teameko snowboarderrak 19. aldiz igon dau Munduko Kopako podiumera Les Deux Alpeetako proban.

Lucas Eguibarrek aurreko denporaldia bikain amaitu eban eta hasiereari be politto ekin deutso. Basque Teameko kirolaria Munduko zirkuituko izen handienetako bat da. Igaz be erakutsi eban, erregulartasun harrigarriagaz, bigarren postua bereganatuta Munduko Kopako sailkapen nagusian eta denporaldi honetan be indartsu bueltau da.

2022. urtea laugarren postuan amaitu eban eta aurten denporaldi hasieran hobeto dabil. Maila fisikoan, mentalean eta estrategiaren aldetik momenturik onenean dago eta bere asmoa hasieratik irabaztea da: Oso indartsu sentiduten naz, igazko denporaldia azken urteetako onenetakoa bizi izan neban. Hasieratik denporaldi ona eginez Globoa eskuratzeko gogo egin beharko dot adierazo dau Lucasek lasterketearen aurretik.

Eguraldi txarragaitik, jardunaldi berean sailkatze txandea eta lasterketea jokatu behar izan ditue. Sailkapen saioan Lucas Eguibarrek hirugarren denporarik onena egin dau (1:03.86) eta Alvaro Romerok 43. postuan amaitu dau (1:06.83).

Eguibar, beraz, final-hamaseirenetan sartu da eta bere lehen txanda horretan lehen postuan amaitu dau, Huw Nightingale britainiarraren, Guillaume Herpin frantziarraren eta Matteo Menconi italiarraren aurretik.

Final-laurenetan donostiarrak esfortzu handiagoa egin behar izan dau. Bigarren postuan ekin deutso, hurrengo bi tarteetan hirugarrenera pasauta eta amaierea irauliz finalerdietara bigarren postuan sartzeko, Merlin Surget frantziarraren atzetik.

Luki finalerdian jarraitzaileak azken unera arte zain izan ditu, azken tarte kronometratu bietan laugarren postuan geratu baita. Ibilbidearen azken zatian bigarren lekua hartu eta final handira heltzea lortu dau, Kalle Koblet suitzarragaz batera.

Azken urteotan sailkapenetako postu onenak beteten dabizen izen handientzat erreserbauta egon da finala: Eliot Grondin, Alessandro Haemmerle, Kalle Koblet eta Lucas Eguibar. Gipuzkoarrak aurrea hartu dau portilloia edegikeran baina gero hirugarren postura bajau da eta horri eutsi deutso amaierara arte. Urrea Grondin kanadarrak eskuratu dau, zidarra Haemmerle austriarrak eta brontzea Eguibarrek.

Gaurkoagaz, Lucas Eguibarrek 19 podium zapaldu ditu Munduko Snowboardcross Kopan, lehena Les Deux Alpesen.

Hurrengo Munduko Kopa Cervinian (Italia) jokatuko dabe, abenduaren 15etik 17ra.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu