'Chinas' filmak inaugurauko dau XIII. Zinexit

Bizkaie! 2023-11-17 12:34   Zinemea

Erakustaldia, zemendiaren 20tik 24ra egingo da.

Octavio González (Zinexit), Kontxi Claver (Bilboko Udala) eta Noemí Ostolaza (Eusko Jaurlaritza). | Ikusi handiago | Argazki originala

Zinexit, Giza Eskubideen Zinema Erakustaldia, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren Zuzendaritzaren bidez, Bilbora bueltauko da aurten be, oinarrizko eskubideei buruzko gogoetea egitera konbidatzeko, urteroko eskemea jarraituz: filmaren proiekzinoa eta, ondoren, ikus-entzule guztiei edegitako berbaldia. Hamahirugarren edizinoak egitarau interesgarria aurkezten dau, nazinoarteko zinema barrienaren lau titulu eta Hollywoodeko klasikoak buztartuz. Lehen aldiz, proiektauko diran film guztiak fikzinoko zinemearen barruan dagoz.

Zinexit zemendiaren 20tik (astelehena) 24ra (barikua) egingo da, Azkuna Zentroko Golem zinema-aretoetan. Saioak 19:30ean hasiko dira (19:00etan izango dan eguenekoa eze ez), sarrera dobakoa da.

Erakustaldia, Noemí Ostolaza Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren zuzendariak aurkeztu dau, eta ondoan izan ditu Kontxi Claver Bilboko Udaleko Bardintasun, Bizikidetza, Lankidetza eta Immigrazino Saileko zinegotzia, eta Octavio González Zinexiteko programatzailea.

Ostolazak adierazo dauenez, bizi dogun ziurgabetasun egoeratik hobeto urtetera eroango gaituen bide bakarra balio demokratikoen eta Giza Eskubideen aldeko borroka eta defensea dala sinesten jarraitzea da. Horrezaz gan, Giza Eskubideak konkista diran arren ez doguz lortutzat emon behar, defendau eta babestu egin behar dira, eta horretarako geure konpromisoa, erresistentzia eta ekintza demokratikoa beharrezkoak dira narbarmendu dau.

Aurtengo edizinorako aukeratutako bost filmek alkarbizitzari, Irango emakumeen egoerari, genero indarkeriari eta aniztasunari buruz hausnartzeko eta berba egiteko aukerea emongo dabe.

Programazinoa

  • Zemendiak 20: Chinas (Arantxa Etxebarria).
  • Zemendiak 21: Night (Mona J. Hoel).
  • Zemendiak 22: Until Tomorrow (Ali Asgari).
  • Zemendiak 23: 20.000 especies de abejas (Estibaliz Urresola).
  • Zemendiak 24: Testigo de cargo (Billy Wilder).

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu