Danetara, 19 film aukeratu ditue
2023-10-06 13:23 ZinemeaUrriaren 19tik 22ra Euskal Zine Bilerea Lekeition.
Zinearen errastuak ekarri gaitu honaino. Euskal Zine Bilerea ez zan 46. ekitaldira helduko norabidea eta ibilbidea erraztu eta bideratu eben zinegileen oinatzak jarraituko ez balitu. Etorkizunera begira egotea garrantzitsua da, baita atzera begiratzea eta bidea egin dabenen pausoei erreparetea be. Erreferentzia-marka horreen arabera, bide barriak zabaltzeko ardurea hartuko dabe belaunaldi gazteek, euskerazko zine-zidorrak zabalduko deuskuezan bidegile barrie, izan be, zinea lekuko bat da beti, eskutik eskura pasetan doana. Istorio bat belarritik belarrira kontetan dan eran eta pantaila bakotxean ezberdina bilakatzen dan moduan. Hori dala eta, aurtengo Euskal Zine Bilereak bere ibilbidean zehar izandako lorratzak jarraitu nahi ditu eta etorkizunekoak sortu.
Urte betez gehiago, Ikusgarri zinema-aretoak bere ateak edegiko deutsoz Lekeitioko Euskal Zine Bilereari, urriaren 19tik 22ra. Jaialdiak 4 eguneko iraupena izango dau eta egun horreetan zehar euskal ikus-entzunezkoen proiekzinoak, aktore eta zuzendariakaz barriketaldiak, tailerrak eta sorpresaren bat bere izango dogu. Ezin ahaztu gurea euskera hutsean egiten dan zinema jaialdirik zaharrena dala. Orain dela 46 urte, Lekeitioko lagun talde batek zinema jaialdi amateur ha martxan jarri ebanetik, lau hamarkadatik gora daroaz euskerazko ikus-entzunezkoentzako topaleku izaten.
Lehiaketea eta epaimahaia
Euskal Zine Bilerea ezaguna bada, Sail Ofizialeko Lehiaketeagaitik da. Euskeraz produzidutako askotariko lanen erakusleihoa da, teknika, tratamendu, genero, sorkuntza prozesu eta gai ugari biltzen dituan neurrian. Danetara, 19 film izan dira lehiaketarako aukeratutakoak. Irabazleak aukeratzearen arduradunak Alaitz Arenzana (Zinegoak festibaleko zuzendari artistikoa), Ramon Agirre (ibilbide luzeko euskal aktorea) eta Nerea Alberdi (konpositorea, orkestratzailea eta moldatzailea) izango dira.
Kontuak kontu, zuzendaritza, gidoi eta film onenaren sariak izango dira. Eta gainera, ikusleak be protagonista izango dira, lan bakotxari hareek emondako puntuaketen bidez erabagiko baitabe ikuslearen sari bereziaren irabazlea. Azkenik, 2001. urtetik aurrera jaiotako zinegile onenari be emongo jako saria.
Sariak
- Film onenaren saria – 3.000 €
- Zuzendaritza onenaren saria – 1.600 €
- Gidoi onenaren saria – 1.600 €
- Ikusleen saria – 750 €
- Gazte 22 saria (2001. urtetik aurrera jaiotakoentzat) – 750€
46. EZBko Sari Banaketea urriaren 21ean izango da, 19:30etik aurrera Ikusgarri zinema-aretoan: Ana Goitia eta Jon Garatek aurkeztuta.
Kameratoia
Euskarazko ikus entzunezkoen rally-a Euskaltzaleen Topaguneagaz alkarlanean egiten da. 18 eta 26 urte bitarteko zinegile gazteek 36 ordu besterik ez ditue izango film bat sortu eta aurkezteko. Edizino honetan, arrakasta handiko Estibaliz Urresola zuzendaria (20.000 especies de abejas) eta igazko Euskal Zine Bilerako zuzendari onenaren saria irabazi eban Aitzol Saratxaga zuzendaria (Lanbroa) izango dira epaileak. Horrezaz gan, partaideek soinu masterclass-a izango dabe Asier Renteria soinu produktorearen eskutik. Izen-emotea urriaren 18ra arte egongo da zabalik.
Kameratoiaren sariak emoteko galea urriaren 22an, 16:30, Ikusgarri zinema-aretoan izango da. Egindako lanen emoitzak proiektauko dira, Ugaitz Alegriak gidatutako ekitaldian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!