Chourrautek eta Echanizek Lee Valleyko Munduko Txapelketako finalerdietarako txartela lortu dabe
2023-09-22 07:54 KirolaOlatz Arreguik ezin izan dau sailkapen kanporaketea gainditu.
Pau Echaniz
Maialen Chourrautek eta Pau Echanizek eslalom piraguismoko Lee Valleyko Munduko txapelketako finalerdietarako txartela lortu dabe bart, kayaken banakako lehen jardunaldian.
Hiru domina olinpiko dituan palisteak badaki zein dan bere helburua Munduko txapelketa honetan, hau da, 2024ko Pariseko Jokoetarako plaza bat lortzea, horregaitik ez dau aukerea galdu zuzenean sailkatzeko bere eguneko lehen jatsieran, bigarren bat egin behar barik. Lasartekoak ezarritako estrategia jarri dau praktikan: Nabegazino garbia ziurtatzea, akaso motelagoa, baina behar baino arrisku gehiago hartu barik. Maialenek akatsik bako jatsierea egin dau, 16. postuan amaitzeko (zuzenean 20 piraguista pasetan ziran finalerdietara) 90.59ko denporea eginez (+3.80).
Maialenek baino gehiago sufridu dau Pau Echanizek finalerdietarako txartela ziurtatzeko. Lehen jatsierea 34. postuan amaitu eta, ondorioz, bigarren jatsiera bat egin behar izan dau; gainera, ordu bete atzeratu egin dabe, herrian izandako euriteakaitik. Pasea eskuratzeko zain egon behar izan dau, baina azkenean bigarren lasterketan lortu dau, seigarren geratu baita 81,95eko (+1.73) kronoagaz eta penalizazinorik barik.
Eguna, ostera, ez da hain atsegina izan Olatz Arreguirentzat. Donostiarrak 38. plazan amaitu dau lehen seriean, seigarren atean ikutua eginez. Bigarrenean gipuzkoarraren erremina handiagoa izan da. Lehen atearen kontra jo dau eta, traba horri bueltea emoteko kapaz izan dan arren, 19. atea ez dau pasau eta 50 bategaz zigortu dabe. Olatzek 44. postuan amaitu dau, 146.86ko denporea eginez (+58.11).
Gau, hilak 22, kanoetako finalerdiak eta finalak jokatuko ditue: Klara Olazabalek 11:45ean izango dau finalerdia eta Miren Lazkanok 11:51n (Euskadiko orduak).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!