Edurne Pasabanek irabazi dau WOP Mendi Film 2023 Saria

Bizkaie! 2023-03-22 11:22   Kirola

2023ko abenduaren 8an jasoko dau.

WOP-The Walk On Project Fundazinoak eta Mendi Film Festival alkarteak WOP Mendi Film 2023 saria Edurne Pasaban alpinista eta enpresari tolosarrari emongo deutsela iragarri dabe, 14 zortzimilakoak, planetako mendirik altuenetako tontorrak zapaldu dituan lehenengo emakumeari. Saria XVI. BBK Mendi Film Bilbaoren hasiera ekitaldian emongo jako, 2023ko abenduaren 8an, Euskalduna Jauregian.

Sari honek alpinismoaren balioak defendidutea eta dibulgazinoa autortzen ditu. Edurne Pasabanek bat egingo dau aurreko urteetan protagonista izan diran persona eta erakundeen zerrenda oparoagaz:

- Eduardo Martínez de Pisón (2022).

- Sebastián Álvaro (2021).

- Fundación Baltistán Fundazioa (2020).

- Nives Meroi e Romano Benet (2019).

- Juanjo San Sebastián (2018).

- Peter Habeler (2017).

- Sir Chris Bonington (2016).

- Josep Manuel Anglada (2015).

- Drawn film by Jeremy Collins (2014).

WOP-The Walk On Project Fundazinoak, gaixotasun neurodegeneratiboen kontra dabilen enpresa sozialak, holan iruzkindu dau izentapen barria:

“Ohore handia da guretzat WOP Mendi Film Saria Edurne Pasaban Lizarribarri emotea. Sari honek persona lez eta itsasargi eta eredu lez dituan balioak autortzen ditu, gizarte-inspirazino lez balio baitabe. Edurnek nazinoarteko lehen mailako kirol-jardueratan ibili da mendizaletasunaren munduan eta emakumeek gure gizarteko beste hainbat esparrutan bezela, gizonei eskatzen jakenetik harago saiatu eta erakutsi behar izan dabe.

Benetakotasunak, konpromisoak, ahaleginak, aurrez ezarritako mugak hausteak gidatu ditue bere mendi-urratsak. Balio horreei gehitu behar jake Himalaian izan dauen konpromiso handiko jarrerea.

Eta, azkenik, Edurne, bere irakaskuntza-jarduerearen bidez, zoriontasuna bilatzeko burrukaren adibide bat da, geure hauskortasuna aintzatetsiz eta ikusarazoz.

Horregaitik guztiagaitik, hunkitu egiten gaitu eta harro egoteko modukoa da guretzat, Edurne Pasabani WOP Mendi Film saria emotea, alpinismoaren balio sozialak defendidu eta transmitidu izanagaitik”.

Edurne Pasaban Lizarribar (Tolosa, 1972)

Hamalau zortzimilakoetako tontorretara 2001 eta 2010 artean heldu zan. Hori lortu dauen lehenengo emakumea izan zan.

Sasoi haretan jaso zituan sari ofizial ugarien artean, Espainiako Kirol Merezimenduaren Urrezko Dominea, Reina Leticia kirolaren sari nazionala, Euskal Herritar Unibersala saria eta Eusko Jaurlaritzearen Lan Onari saria nabarmentzen dira.

Gaur egun, Edurnek kirol ibilbidea eta ibilbide profesionala buztartzen ditu hizlari eta coach lanetan nazinoko zein nazinoarteko enpresetan. Neurrira diseinautako berbaldiak, prestakuntzak eta tailerrak atontzenditu eta, horreetan, taldeei eta personei laguntzen deutse alpinista lez izandako esperientzien bidez, beren enpresa-helburuak lortu deiezan.

Edurnek badau alde solidarioa be eta urte honeetan Himalaian asko jaso dau hangotarrengandik eta horren harian, Mountaineers for Himalayas by Edurne Pasaban alkarteko patroia eta sortzailea da. Himalaiako umeen hezkuntzeagaz lotutako proiektuak jorratzen lan egiten dau bertan.

Mendi Film-eko edizino askotan parte hartu izan dau, bai filmak aurkeztuz, hizlari edota, zinema eta mendiko kulturearen zale legez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu