Noites de Fado Gauak Bilbon

Bizkaie! 2023-02-10 07:59   Musikea

Emakumeak izango dira protagonista.

Noites de Fado egitasmoa 2012an sortu zan eta Portugalgo generoaz gozetako hitzordu finko bihurtu zan Euskadin 2020an itxialdia zala eta etenda geratu arte.

Bilboko BBK Salan Ana Moura, Dulce Pontes eta Sara Correia abeslariek kantauko dabe:

Ana Moura (Zezeilaren 25ean)

Bilboko BBK Salako Noites de Fado tradizionalak hilabete honetan itzuliko dira 2020ko edizioa erdizka utziarazi zuen pandemiak eragindako etenaldiaren ondoren. Holan, hiru urte geroago, hiru hitzordu atondu ditue eta guztiak genero honetan erreferenteak diran emakumeek eskainiko ditue. Kartelburua Dulce Pontes ezaguna izango da (martiak 11). Horrezaz gan, Bilboko agertokian izango dira Ana Moura (zezeilak 25) eta Sara Correia (apirilak 14) be.

Aurtengo Noites de Fadoko lehen kontzertua aste bi barru izango da, zezeilaren 25ean eta Ana Moura izango da protagonista; abeslari horren kantaldia izan zan 2020ko itxialdia zala eta bertan behera geratu zanetako bat. Estudioko bere zazpigarren diskoa, Casa Guillerminha izenekoa aurkeztuko dau Bilbon. Orain hiru hile autoeditau dau eta horregaz hausi dau Universal multinazionalagaz 20 urtez izan dauen loturea, askatasun eta independentzia gehiago lortzeko. Fadoaren barritzaile handia da askoren ustez eta kolaborazinoak egin ditu Prince, The Rolling Stones edo Herbie Hancock lako artistakaz. Bilduma barri honetan, bere arbasoen Angolako sustraietara bueltau da, fadoa eta kizomba (Angolako musika tradizionala) bateratuz. Espainiako sustraiak dituan musikeagaz Rosalíak eta C. Tanganak lortutakoan inspirauta, Mourak fadoa eta haren atenporalidade tradizionala aurreretxi barik eta lotura barik nazinoartekotu nahi dau. Orain 11 urte hartu eban parte BBK Salako lehen Noites de Fado ekimenean eta 2017an be bueltau zan.

Dagoeneko salgai dagoz hirugarren bisita honetan ikusi ahal izateko sarrerak hemen.

Dulce Pontes (Martiaren 11n)

Portugaleko oso ezaguna dan abeslaria Dulce Pontes. Fadoa maite dabenentzat ezinbesteko ahotsa da eta, askorentzat, Amália Rodrigues mitikoaren oinordeko naturala. Pianistea, konpositorea eta antzezlea izatez gan, generoak nahasteari bildurrik ez deutson artista geldiezina eta heterogeneoa da. Eta holaxe geratu da agirian bere azken diskoan, Perfil (2022) izenekoan be. Pontesen abestietan musika latinoa eta jazza sartu ditu eta berak produzidu dau Kubako Yelsy Heredia kontrabajista ezagunagaz batera.

Sara Correia (Apirilaren 14an)

Sara Correia gaztearen (oraindino ez ditu 30 urte) txandea izango da. Zenbaitek fadoaren urakana ezizena jarri deutso Portugaleko abeslarien belaunaldi barriaren artean izandako igoera distiratsua dala eta. Fadisten familia batean hezia, lisboar goiztiar honek 9 urtegaz egin eban debuta zuzenean abestuz eta 13 urtegaz Grande Noite do Fadoko Portugalgo sari entzutetsuetako bat irabazi eban. 2018an argitaratu eban debuteko diskoa eta 2021ean, Latin Grammy sarietarako izentau eben bigarren lanagaz: Do Coração. Gaur egun, iraupen luzeko bere hirugarren lana atontzen dabil. Horren aurretik, Israel Fernández flamenko-kantariagaz batera, Josemi Carmonaren produkzino-lanagaz, Espainian grabautako Bocas Do Mundo singlea egin eban.

Noites de Fado

BBK Salako agendara bueltauko dira 2023 honetan, azken kantaldia eskaini ebenetik hiru urte igaro diranean. Ekimena 2012an sortu zan Bilboko Kale Nagusian dagoan lokala inaugurau eta handik gitxira eta urtero eten barik eta publikoaren aldetik erantzun bikainagaz atondu izan da. Portugaleko musika-genero ezagunenaz zuzenean gozau ahal izateko Euskadiko hitzordu finko eta bakarra izan da. 2020ko martiko itxialdia urte haretako edizinoaren hasiereagaz batera jazo zan eta, ordutik, ezin izan da proposamena BBK Salako programazinora batu orain arte. 2023 honetako Noites de Fado ekimenerako sarrerak laster jarriko dira salgai (Ana Mouraren kantaldirako sarrerak izan ezik, dagoeneko salgai baitagoz) Kutxabank sarean, 25 euroan(% 20ko deskontua Kutxabank txartelakaz).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu