Txikon 'pozik baina barrutik hutsik' etorri da Manaslutik

Bizkaie! 2023-01-27 08:40   Kirola

Bizkaiko Ahaldun Nagusiak harrerea egin deutso Foru Jauregian.

Bizkaiko kirolaren historian lorpen handienetako bat da Alex Txikon alpinista lemoarrak egunotan egindakoa: Negu betean eta oxigeno barik, Himalaiako Manaslu mendia (8.163 m) igon dau. Behin etxera bueltan, baina, poztasunaz aparteko beste sentipen batzuk bizi dituala kontau dau Txikonek, hau da, espedizino gazi-gozoa izan dala.

Igoera gogorra izan zan, Txikonek eta lantaldeak nahi baino gehiago behartu ditue gorputzak eta normalean baino arrisku gehiago izan dabe. Zorionez, ez da aitatzeko moduko ezbeharrik jazo. Ganera, tontorrera heltzeko ahalegina laburra izan zan, Behe Kanpalekutik urten eta 60 ordura heldu zan Manasluren gorengo partera eta horrek barrutik hutsik itxi dauela autortu dau mendizaleak.

Harro baina barrutik hutsik dagoala adierazo dau Txikonek, Bizkaiko Foru Aldundiak egin deutsan harrera eta omenaldian. Kirol alorreko lorpen bikainaz gan, baditu beste gauza on batzuk Manasluko espedizinoak: beste aldi batzuetan baino garbiago gomutetan ditu tontorrean egon zaneko momentuak eta, egunak pasau ahala, badaki egundokoa egin dauena.

Alde txarren artean, eguraldia eta Behe Kanpalekura heldu arteko bidea azpimarratu ditu Txikonek. Bajatzen hastean, hil egingo zala be pentsau eban eta ahalegin fisiko eta emozional ikaragarria behar izan eban aurrera egiteko.

Ez eban lagundu aroak: zero azpitik 45 gradu eta haizea 50 km/h-koa. Ganera, igoera bizkorra izan zanez, aklimatazinoa guztiz amaitu barik heldu ziran gora.

Bilboko Foru Jauregian egindako ekitaldian, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Lorea Bilbao Kultura eta Kirol diputadua eta beste ordezkari ugari egon dira. Alex Txikonegaz batera, espedizinoko beste kide bat, Eneko Garamendi, izan da bertan.

Ohiz kanpoko personek aparteko harrerea behar dabe. Lurralde, erakunde eta Bizkaia lez betebeharra izan da Alex eta bere taldea omentzeko. Izateko modu bat, biziteko modu bat eta jarduteko modu bat autortzea, adierazo dau Unai Rementeriak.

Behe Kanpalekuan, Txikonek erabagi eban Himalaiara ez bueltetea sekula be. Baina eretxia aldatzen joan da egunotan eta dagoeneko planak egiten hasi da espedizino gehiago egiteko: Kanchenjunga eta Makalu begiz jota dituala aurreratu dau.

Argazkiak: BFA eta Alex Txikon.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu