'Todas mis cicatrices se desvanecen en el viento', 64. Zinebiko irabazle
2022-11-18 13:55 ZinemeaEuskal Zinemearen Saria Wild Flowers-entzat izan da.
Angélica Restrepo eta Carlos Velandia zinemagile kolonbiarrek zuzendutako Todas mis cicatrices se desvanecen en el viento animazinozko filmak irabazi dau 64. Zinebi Jaialdiko saririk handiena. Epaimahaiak zera nabarmendu dau: ikusleari ixten deutso bidaiatzen denporan, espazioan eta gomutetako paisajeetako soinuan zehar, eta gomuta mingarrien artean gidatzen gaitu.
Film laburren ataleko irabazleak Euskal Zinemearen Saria be eroan dau aurtengo edizinoan. Elias Querejeta Zine Eskolatik urtendako dokumentala da Wild Flowers, Karla Crnčević kroaziarrak zuzendua. Gomutei buruzko film zintzo eta ausarta dalako emon deutso saria epaimahaiak.
Sail Ofizialean 57 film lehiatu dira aurten, eta genero ugaritan emon ditue Mikeldi Sariak. Fikzinozko film laburrik onenaren irabazlea Backflip (Nikita Diakur, 2022) koprodukzino frantziar-alemaniarra izan da; animazinoko film laburrik onenaren saria, barriz, Searching Heleny (Esther Vital García, 2022) espainiar-brasildar koprodukzinoak eroan dau; eta film dokumental labur onenaren Mikeldi Saria Balls (Gorana Jovanovic, 2022) serbiar-esloveniar koprodukzioarentzat izan da.
Zinemearen Europar Akademiaren Sarietan urteko film laburrik onenaren saria irabazteko Zinebik aukeratu dauen hautagaia Zoon da, Jonatan Shwenk alemaniarrak zuzendutako animazinozko lana. Espainiako pelikularik onenaren saria, azkenik, Alba Esquinasen Olores dokumentalari egokitu jako.
Zinebi First Film
Zuzendari barriei zuzendutako atala da Zinebi First Film, opera prima edo egilearen lehenengo filmak batzen dituan atala. 12.000 euroko sari mamintsua egon da irabazlearentzat. Epaimahaiak Anhell69 aukeratu dau, Theo Montoyak zuzendutako koprodukzinoa, Kolonbia, Errumania, Alemania eta Frantziako parte-hartzea dauena.
Ganera, aitamen berezia egin deutso epaiamahaiak Daniela Bustamanteren Nuestra película dokumental kolonbiar-frantziarrari, Kolonbiako errealidade historikora hurreratzen dalako. Zinebin estreinau dabe.
Beste atal ugaritan be sarituak egon dira. Epaimahai Gaztearen Saria Marusya Syroetxkovskayaren How to Save a Dead Friend filmari emon deutse. Publikoaren Saria, 3.000 euroz hornidua, Esther Vital Garcíaren Searching Heleny-rentzat izan da. FAS Zineklubak Bertoko Begiradak Saria emoten dau; aurtengo irabazlea Tana Garrido Ruizen Espera y sedimento euskal produkzinoarentzat izan da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!