Futbola eta zinemea, 64. Zinebin

Bizkaie! 2022-11-15 09:23   Zinemea

Garrincha-A alegría do povo eta Next Goal Wins filmak emongo ditue gaur, martitzena.

'Garrincha-A alegría do povo' filmeko irudia | Ikusi handiago | Argazki originala

Aurrera doa 64. Zinebi, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdia, eta gaur, hilak 15, futbolagaz lotutako kontakizunak izango dira programazinoaren ardatza, Zinebiren eta Athletic Club Fundazinoaren arteko lankidetzeari esker. Dokumental bi emongo ditue BBK Salan (18:00), bata klasikoa eta bestea barria.

Lehenengo pelikulea Brasildik dator: Joaquim Pedro de Andradek zuzendutako Garrincha-A alegría do povo. 1963an egina, urte haretako Berlinale jaialdian aurkeztu eben eta kirolaren inguruko zinemearen klasiko handietako bat da gaur egun.

Garrincha futbolariaren historia kontetan dau filmak. Munduko erregateatzailerik onena izan zan askoren ustez. Joaquim Pedro de Andradek dokumentala egin ebanean, Botafogo taldean jokatzen eban Garrinchak eta Brasilegaz Munduko Txapelketea irabazi barri egoan.

Brasilgo mito handiaren ibilbide bikaina eta bizimodu gorabeheratsua ezagutu ondoren, Britainia Handira joko dau Zinebi eta Athletic Club Fundazinoaren programa bereziak. Hain zuzen be, Mike Brettek eta Steve Jamisonek 2014an zuzendutako Next Goal Wins ikusi ahal izango da BBK Salan.

Fokuetatik urrun dagoan futbol apala da dokumentalaren ardatza. Samoa Amerikarreko selekzinoaren ibilbidea azaltzen dau Next Goal Wins-ek: munduko selekzinorik txarrena izatetik (Australiak 31-0 irabazi eutsan) lehenengo partidua irabaztera arteko bidea (Tongari 2-1) kontetan dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu