Agniezska Holland eta Iñigo Salaberriari autortzea, 64. Zinebi hasteko
2022-11-11 09:18 ZinemeaArriaga Antzokian egingo da inaugurazino galea, gaur, barikua.
Zemendiaren 11tik 18ra martxan izango da 64. Zinebi, Bilboko Film Labur eta Dokumentalen Nazinoarteko Jaialdia. Beraz, gaur, barikua, da lehenengo eguna, mundu zabaleko ikus-entzunezko proposamen barritzailez betetako asteari ekiteko momentua. Inaugurazino galea Arriaga Antzokian egingo dabe, 19:30ean.
Maria Goiricelayak eta Ane Pikazak diseinau eta zuzenduko dabe galea. Zinebik aurten dakarrena aurreratzeko ez eze, zinemagintzan ekarpen baliotsua egin dabenei autortzea egiteko be aprobetxauko dabe ekitaldia. Iñigo Salaberriari eta Agniezska Holland-i Ohorezko Mikeldia emongo deutsee.
Merina Gris musika-taldeak girotuko dau hasierako ekitaldia eta euskal zinemagintzeari be leku zabala emongo deutse: Film Laburren Sail Ofizialean parte hartuko daben zazpi euskal produkzinoak proiektauko ditue.
Iñigo Salaberria zinemagile gipuzkoarra oraintsu hil da, eta Zinebik omenaldia egin nahi deutso, jaialdian haren obrak sarritan erakutsi zituelako. Haren senideak etorriko dira Arriaga Antzokiko inaugurazino galara Ohorezko Mikeldia hartzen.
Agniezska Holland zuzendari poloniarra Bilbora etorriko da, eta inaugurazino galan izango da Ohorezko Mikeldia hartzen. Bere herrialdean eta Europa guztian aldaketa sozial eta politiko askoren lekuko, norbanakoen askatasunaren alde beti agertu dauen konpromisoa autortu nahi deutso Zinebik.
Jatorri judu eta katolikoko intelektualen familia batean jaioa, komunismoaren sasoiko Polonian hasi zan Holland zinemagintzan eta, ondoren, Txekian eta Estadu Batuetan egin dau lan, baita gaur egungo Polonian be. Haren obrea oparoa, aberatsa eta hetereogeneoa dala dinoe Zinebiko arduradunek.
1970eko hamarkadearen amaieran eta hurrengoaren hasieran, Ezinegonaren Zinemea mobimenduaren bultzatzaile izan zan. Sasoi haretakoak dira Hollanden lan nagusietako bi, Aktorzy prowincjonalni (1978), Cannesen saritua, eta Kobieta samotna (1981). Erbestera joan behar izan eban gero, eta Poloniatik kanpo zuzendu eban Oscar Saria irabazteko hautagai izandako Bittere Ernte, 1985ean, baita To Kill a Priest (1988), Europa, Europa (1990) eta Total Eclipse (1995) be. Estadu Batuetako produkzino handietan eta telesail ezagunetan parte hartu dau. Gaur egun, Europako Zinemearen Akademiako lehendakaria da Holland.
Inaugurazino galan zuzendariak berak egingo dauen agerraldiaz gan, Hollanden obreagaz lotutako hitzordu gehiago be badakarz 64. Zinebik. Publikoaren eta zinemagile poloniarraren arteko topaketea egingo dabe hilaren 12an, Guggenheim Museoan, eta Kobieta samotna filma proiektauko da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!