Zinebik zinema saio berezia egingo dau zeinu hizkuntzan
2022-11-04 12:39 ZinemeaSaioa zemendiaren 12an izango da, 12:00etan, Golem Alondiga zinema-aretoetan.
Euskal Gorrak Persona Gorren Alkarteen Euskal Federazinoagaz lankidetzan, zazpi film laburren proiekzinoak eskainiko ditue Islatutako keinua. Zinemea ikusi, entzun eta igarri izeneko saio berezian. Sei herrialdetako filmotan, zeinu hizkuntzeak arte zinematografikoan dituan aukerei buruz hausnartzeko.
Aurten, barrikuntzea da persona gorrei zuzendutako saio berezia, Islatutako keinua. Zinemea ikusi, entzun eta igarri izenekoa, hain zuzen be, munduko zeinu-hizkuntzek zineman izan daben presentziari errepasoa egiteko.
Saioa zemendiaren 12an izango da, 12:00etan, Golem Alondiga zinema-aretoetan eta bertan hainbat generotako film laburrak erakutsiko dira, besteak beste, dokumentala, fikzinoa, animazinoa, bideoklipa edo zinema esperimentala. Lanak Erresuma Batutik, Brasildik, Alemaniatik, Herbehereetatik, AEBetatik eta Ukrainatik etorritakoak dira.
Saio berezi honen bidez, Zinebik, Euskal Gorrak Persona Gorren Alkarteen Euskal Federazinoagaz lankidetzan, esperientzia filmiko sensorial eta inklusiborako atea edegi nahi dau, zinema-aretoaren iluntasunean bardindutako publiko mistoa batuko dauena.
Esperientzia inklusiboa
Saioa programau dauen Aitor Gametxo zinemagile bizkaitarraren eretxiz, zikloaren helburua hizkuntzearen izakereari eta irudien sorkuntzeari buruzko esperientzia sensoriala proponidutea eta, aldi berean, munduko hainbat lekutako zeinu-hizkuntzek eskaintzen dituen aukerei buruzko hausnarketarako konbita egitea. Holan, zinemearen oinarrizko kontzeptuei jagokenez, egile bakotxak hartutako erabagiak erakutsi nahi dira, besteak beste, iraupena, enkoadraketea, eszenaratzea, distantzia, mobimentua eta bestelakoak.
Zinema dokumentala ikasi ondoren, Gametxok, Zinebiren 2014, 2017 eta 2020ko edizinoetako Sail Ofizialean lehiatu dana, Zeinu Hizkuntzako Interpretazino ikasketak egin zituan eta horreetatik sortu zan Polonian filmautako Una sinfonía en silencio film laburra filmetako idea, Breslavia uriko gorren komunidadeagaz batera.
64. Zinebi – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdia zemendiaren 11tik 18ra egingo da, 47 herrialdetako 148 film eskainiko dituelarik, erdia baino gehiago emakumeek zuzendutakoak eta erdia baino gehiago, estreinaldiak Estaduan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!