Zinebik Zinebi Express Film Laburren Lehiaketea berreskuratu dau

Bizkaie! 2022-11-02 09:24   Zinemea

Hiru egun izango ditue animazino, fikzino edo dokumentalak produziduteko.

Bilboko Udalak atondutako Zinebi – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak Zinebi Express film laburren lehiaketearen 13. edizinoa atondu dau Euskal Herriko Unibersidadeko (UPV/EHU) EHUkulturagaz batera.

Pare bat urte joan badira be, Zinebi martxan jarri aurreko programazinoan parte hartu barik egon ondoren, edozein nazionalidadetako ikasle eta talde tekniko zein artistikori edegitako lehiaketea barriro be bueltan da. Film labur bat grabau nahi dauenak bere talentua probetako aukerea izango dau. Zemendiaren 4tik aurrera, parte hartuko daben taldeek hiru egun izango ditue animazino, fikzino edo dokumental filmak produziduteko.

Saritutako lanak, epaimahaiak aukeratutako beste batzuekaz batera, Golem Alondiga zinema-aretoetan aurkeztuko dira, hilaren 10ean.

Euskal Herriko Unibersidadeko (UPV/EHU) Arte Eder zein Gizarte eta Komunikazino Zientzien fakultadeez gan, Zinebik Euskal Herriko Zinema Eskolearen (ECPV), Tartanga Lanbide Heziketako Zentro Integratuaren eta IMVAL Estudios Audiovisuales zentroaren laguntzea be badau Zinebi Express lehiaketea atontzeko.

Berbaurrea Bizkaia Aretoan

Aurten, lehiaketeak barrikuntzea dakar Unibersidadeko Arte Eder eta Gizarte eta Komunikazino Zientzien fakultadeetako ikasle ohien eskutik egingo dan Uniaren ostean, zer? izeneko topaketan. Unibersidadeko ikasleei edota ikus-entzunezko industriagaz zein zinemagintzeagaz lotutako ikasketak egiten dabizanei zuzendua egongo da ekitaldi hau eta bertan parte hartuko dabe Zinegoak Bilboko Gaylesbitrans Nazinoarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiko artista eta egungo zuzendari Alaitz Arenzanak; soinu-teknikaria dan Maider Urkitzak; zinema produktore eta antzerki zein telebistako aktore Ander Barinaga-Rementeriak; eta Larraitz Zuazo eta Esti Urresola zinemagileek.

Zemendiaren 4an, barikuan, Bizkaia Aretoko Mitxelena auditorioan egingo dan topaketa horren ondoren, Zinebi Express-eko film laburren gaia ezagutzera emongo dabe. Lan horreek Bizkaia Aretoa-UPV/EHUko atarian entregau beharko dira, astelehenean, hilaren 7an, arratsaldeko bostak eta zazpiak bitartean.

Film labur guztiek gitxienez 2 minutu eta gehienez 5 minutu iraungo dabe, animazinokoek izan ezik, horreek 30 segundoko gitxieneko iraupena izango baitabe. Kanpoalde guztiek Bilbon filmauta izan beharko dabe.

Horretarako aukeratutako epaimahai batek erabagiko dau zein lani emongo jakezan lau sariak: 800 euro, 600 euro, 400 euro eta afari bat, AUX Magazinegaz alkarlanean.

Euskal Herriko Unibersidadeagaz lankidetzea

Zinebi Express lehiaketaz gan, Euskal Herriko Unibersidad alkarlanean be ibili da Zinebi, urriaren 27an Arte Eder Museoan Iñigo Salaberriaren omenez atondutako topaketan.

Horrezaz gan, jaialdiaren barruan, Zinebik Aukera programearen aurtengo edizinoan parte hartu dabenek jorratutako film laburren proiektuen pitching-aren aurkezpen publikoa egingo dau, hilaren 16an, UPV/EHUko Bizkaia Aretoan. Programa hori ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen sektoreko emakumeei zuzenduta dagoan (H)emen alkarteak bultzatu eta atondu dau, Zineuskadi, Kutxa Kultur, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Arabako Foru Aldundia eta Zinebigaz lankidetzan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu