Ukrainako zinemea erakutsiko dabe 64. Zinebi Jaialdian
2022-10-28 13:22 ZinemeaHerrialde haretan aurten egindako hiru film luze eta hiru labur emongo ditue.
Gerran sartuta dago Ukraina zezeiletik eta alkartasunezko keinua egingo deutso hango zinemagintzeari 64. Zinebi Jaialdiak, beren-beregi Ukrainako sortzaileei eta egoereari eskainitako sail baten bidez. Ukrainian Institute erakunde publikoagaz eta DocuDays UA Zinema Dokumentalaren eta Giza Eskubideen Nazinoarteko Jaialdiagaz lankidetzan dator programea.
Focus Ucrania: Lehen zinemagilea nintzen, orain soldadua lemapean, hiru dokumental luze eta hiru film labur ikusi ahal izango dira, danak zinemagile ukrainarrek aurten bertan eginak. Hiru saiotan banatu dabe programea, zemendiaren 13tik 15era, eta Guggenheim Museoa izango da egoitzea.
Aitatzekoa da Mariupolis 2 dokumentala, Mantas Kvedaravicius eta Hanna Bilobrova zuzendariena, atzean dauen historia gogorragaitik. Kvedaravicius lituaniarrak hasi eban grabazinoa, gerrearen errealidadea erakusteko asmoz, komunikabideen eta politikarien informazinotik aparte; apirilean, baina, errusiarrek hil eben eta Kvedaraviciusen bikotekide Hanna Bilobrovak amaitu eban filma. Cannesen epaimahaiaren sari berezia emon eutsen.
Beste dokumental luzeak One Day in Ukraine (Volodymyr Tykhyy) eta Ukraine: Overcoming the Darkness (Kinodopomoga kolektiboa) dira. Zikloko film laburrak, barriz, honeek: Letter to a turtledove (Dana Kavelina), Liturgy of Anti-Tank Obstacles (Dmytro Sukholytkyy-Sobchuk) eta Peace and Tranquility (Myro Klochko/Anatoliy Tatarenko).
Ganera, zemendiaren 12an, Ukrainako ikus-entzunezkoen industriako ordezkariek topaketa batean hartuko dabe parte. Azkuna Zentroko Bastida Aretoan da hitzordua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!