Zinemaldiko filmak Bilboko Azkuna Zentroan erakutsiko ditue

Bizkaie! 2022-09-26 12:48   Zinemea

Lehenengo saioa gaur, irailak 26, izango da.

Mikel Gurrearen 'Suro gaur emongo dabe | Ikusi handiago | Argazki originala

Aurreko urteetan egin daben lez, oraingoan be Donostiako Zinemaldiak eta Bilboko Azkuna Zentroak bat egin dabe, amaitu barri dan 70. edizinoko film aitagarrietako batzuk Bizkaiko uriburuan be ikusi daitezan. Irailaren 26tik urriaren 2ra hamaika pelikula emongo ditue, eta goizetan umeentzako jarduerak egongo dira.

Donostia Zinemaldia Azkuna Zentroan izeneko zikloaren aurkezpenean izan dira José Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendaria, Fernando Pérez Azkuna Zentroko zuzendaria eta Laura Rubiola Suro filmeko produktoreak. Hain zuzen be, Suro izango da proiektauko daben lehenengo lana, gaur 18:30ean.

Mikel Gurrearen lehenengo film luzea da Suro eta Donostian euskal zinemearen Irizar Saria irabazi barri dator Bilbora. Vicky Luengo eta Pol López protagonista dirala, biziraun ahal izateko kortxo-ustiapen zahar bat barriro martxan jarten dauen bikote baten istorioa kontetan dau filmak.

Hurrengo egunetan be, Zinemaldian zeresana emon daben pelikulez gozau ahal izango dau Bilboko publikoak. Christophe Honoré-ren Le lycéen doluaren onarpenari buruzko istorio hunkigarria da eta Paul Kircher aktoreak Zidarrezko Maskorra irabazi dau bertan egindako lanagaitik; La maternal, Pilar Palomerorena, ama ezkonbakoentzako zentro batean sartu daben nerabe umedun baten ingurukoa da. Honetan be, Carla Quilez aktoreak Zidarrezko Maskorra eskuratu dau.

Bilbon aurkeztuko dabe, ganera, Grand Marin, Dinara Droukarova errusiar aktorearen eskutik eta Catherine Poulainen izen bereko eleberrian oinarritua. Perlak saileko zinta batzuk be badagoz egitarauan: François Ozonen Peter Von Kant, R.W. Fassbinderren Las amargas lágrimas de Petra Von Kant eta Louis Garrelen L'innocent.

Azkuna Zentroan ikusi ahal izango diran beste pelikulak Mia Hansen-Løveren Un beau matin, Marie Kreutzer-en Corsage eta Dardenne anaien Tori et Lokita dira.

Umeentzako eta familientzako saioak asteburuan izango dira. Toby Genkelen Oltxiak animazinozko film luzea eta Kevin Costelloren Tom & Jerry dira egitarauaren oinarria. Euskeraz emongo ditue pelikula biok. 

Saio bakotxerako sarrerak bost euroan salduko ditue Azkuna Zentroko Golem zinema-aretoetako txarteldegian eta Golemen webgunean. AZ txartela daukienek lau euro pagauko ditue.

Informazino gehiago eta egitaraua hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu