'Blonde' da 70. Zinemaldiko film sorpresea

Bizkaie! 2022-09-20 08:15   Zinemea

Andrew Dominik zuzendaria eta Ana de Armas aktorea hilaren 24ko proiekzinoan izango dira.

Azkenik badakigu zein dan Donostiako 70. Zinemaldiak dakarren film sorpresea. Andrew Dominik australiarrak zuzendutako Blonde da, Marilyn Monroe aktore eta kantari ospetsuaren erretratua. Ana de Armas arduratu da Monroeren azalean sartzeaz, eta kritikeak gogo onez hartu dau aktore kubatar-espainiarraren lana. Beste aktore batzuk Adrien Brody, Bobby Cannavale, Caspar Phillipson, Evan Williams, Toby Huss eta Julianne Nicholson dira.

Zapatuan, irailaren 24an, izango da film sorpresearen proiekzinoa, Victoria Eugenia Antzokian (19:00). Bertan izango dira Andrew Dominik eta Ana de Armas.

Marilyn Monroe izarraren bizimodua erakusten dauen film hau Joyce Carol Oates idazlearen izen bereko kontakizunean oinarrituta dago, eta aktore eta kantari mitikoaren nortasun publikoaren eta pribaduaren arteko banaketan sakontzeko asmoa dau.

Gizartean Marilyn Monroeren inguruko guztiak eragiten dauen ikusminaren jakitun, Blonde-k goi mailako produktoreak ditu atzean, hain zuzen be, Plan B Entertainment etxeko Dede Gardner, Jeremy Kleiner eta Brad Pitt. Veneziako Mostran lehiatu da oraintsu.

Ana de Armas antzezleak aurretik be baditu eginak personaje edo film ikonikoak, esate baterako, Blade Runner 2049 (Denis Villeneuve, 2017), Knives Out (Rian Johnson, 2019), Wasp Network (Olivier Assayas, 2019, Donostia Saria Emonaldia) eta No Time To Die (Cary Joji Fukunaga, 2021).

Andrew Dominik be ibilbide luzedun zuzendaria da. The Assassination of Jesse James by the Coward Ford, Killing them Softly eta This Much I Know To Be True dira haren lanik ezagunenak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu