Loreto Mauleon eta Paco Leonen eskutik hasiko da 70. Zinemaldia

Bizkaie! 2022-09-16 13:40   Zinemea

Gaur, barikua, Kursaalean egingo dabe inaugurazino-galea.

Loreto Mauleon, Paco Leon eta Santiago Tabernero (argazkia: Pablo Gomez/Donostiako Zinemaldia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Dana prest dago Donostiako Zinemaldiaren 70. edizinoari ekiteko. Zaleak eta sortzaileak barriro alkartu ahal izango dira, aurreko urte bietan egon diran osasun-neurri zorrotzik ez dalako egongo oraingoan. Beraz, barriro ikusiko doguz aretoak bete-bete eginda eta alfonbra gorrian izar ugari. Irailaren 16tik 24ra egingo dabe jaialdia.

Inaugurazino-galea, gaur, barikua, 20:30ean hasiko da. Loreto Mauleonek eta Paco Leonek, eskarmentu handiko aktore bik gidatuko dabe ekitaldia oholtzan. Santiago Tabernero arduratu da zeremoniaren egiturea eta detaileak atontzeaz. 1953ko Zinemaldiaren lehen edizinoko parte-hartzaileak omenduko ditue, eta konbidadu ugari pasauko dira agertokitik.

Kursaalean egingo dan hasierako ekitaldia aprobetxauko dabe Ryusuke Hamaguchi japoniarrari Fipresci Saria emoteko. Drive my car filmagaitik irabazi dau. Alberto Rodríguez zinemagile sevillarraren film luze barria, Modelo 77, proiektauko dabe inaugurazinoaren ostean, lehiaketaz kanpo.

Honenbestez, hurrengo egunotan goi mailako zinemagintzeaz gozetako aukera parebakoa egongo da Donostian. Makina bat proiekzino dagoz zaleen zain, Zinemaldiaren atal ugariei esker: Sail Ofiziala, Perlak, Zabaltegi-Tabakalera, Horizontes Latinos, Zuzendari Barriak, atzera begirakoak...

Aurten, Ohorezko Donostia Sari bi emongo ditue. David Cronenberg zuzendari eta gidoigile kanadarra eta Juliette Binoche aktore frantsesa dira aukeratuak. Kartel ofizialeko protagonistea be bada Binoche.

Lehenengo egunetik, programazino bete-betea dakar 70. Zinemaldiak. Ikusi irailaren 16ko ekitaldiak hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu