Glenn Close ezin da Zinemaldira etorri, eta Matías Mosteirín izango da epaimahaiburu

Bizkaie! 2022-09-14 08:22   Zinemea

Aktore amerikarrak familia barruko ezusteko bat izan dau.

Orain dala egun batzuk, Glenn Close aktore estadubatuarrak ilusinoz egoala adierazo eban, 70. Donostiako Zinemaldiko epaimahai ofizialeko buru izateko aukeratu ebelako. Azken orduko ezuste bategaitik, baina, ezin izango da Donostiara etorri, eta penaz uko egin deutso ardureari, Zinemaldiak berak zabaldu dauenez. Matías Mosteirín produktore argentinarrak beteko dau hren lekua epaimahaian.

Antza, arrazoi familiarrak dira Glenn Colseren erabagiaren arrazoia. Honako hau esan dau aktoreak komunikadu batean: Sentiduten dot Zinemaldian ezingo dodalako parte hartu, larrialdi familiar bategaitik etxean geratu behar nazelako. Parkamena eskatzen deutset Zinemaldiari, Epaimahaiari, zinemagileei, omenduei eta ikus-entzuleei, zuekaz batera ospatzeko ezingo dodalako han egon.

70. Zinemaldia asteon bertan hasiko danez, antolatzaileek bizkor topau behar izan dabe epaimahaiburu izateko beste persona apropos bat. Matías Mosteirín produktore argentinarrari emon deutse ardurea, telesail eta film ugaritan dauen esperientzia luzeari eta irabazi dituan sariei kasu eginda.

Buenos Aires uriburuan jaio zan Mosteirín. Adrian Caetanoren Bolivia film luzea produzidu eban lehenengo, eta Cannesen aitamena jaso 2001ean. Harrezkero, Espainiako eta Latinoamerikako proiektu ugaritan hartu dau parte.

K&S Films etxeko zuzendari karguan, honako lanetan ibili da Mosteirín: Días de pesca (Carlos Sorín, Sail Ofiziala, 2012), Los Marziano (Ana Katz, Sail Ofiziala, 2011), El último Elvis (Armando Bo, 2012ko Horizontes Saria), Séptimo (Patxi Amezcua, 2013), Relatos salvajes (Damián Szifron, Perlak, Publikoaren Saria Europako film onenari, 2014ean; Oscarretarako izendatua), El clan (Pablo Trapero, 2015; Urrezko Lehoia Venezian), La cordillera (Santiago Mitre, 2017), Acusada (Gonzalo Tobal, 2018), El Ángel (Luis Ortega, Perlak, 2018), El Pepe (Emir Kusturica, 2018) eta La odisea de los giles (Sebastián Borensztein, 2019).

Cien años de perdón (Daniel Calparsoro, 2016), Mientras dure la guerra (Alejandro Amenábar, Sail Ofiziala, 2019) eta beste film batzuen filmen produktore be izan da. Azkenaldion, Netflix plataformarako telesail batean ibili da eta Platinozko Konex Saria emon deutse ibilbide profesional osoagaitik.

Honenbestez, 70. Donostiako Zinemaldiko epaimahai ofiziala honako hau izango da: Antoinette Boulat casting-zuzendari eta gidoigilea (Frantzia), Tea Lindeburg zuzendari eta gidoigilea (Danimarka), Rosa Montero idazle eta kazetaria (Espainia), Lemohang Jeremiah Mosese zinemagile eta artista bisuala (Lesotho), Hlynur Pálmason zuzendari eta gidoigilea (Islandia) eta Matías Mosteirín produktorea (Argentina) epaimahaiburu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu