64. Zinebiren kartela Happyending estudioak egin dau
2022-09-12 12:53 ZinemeaForma geometrikoak eta ikus-entzunezkoetako elementu ezagunak dira diseinuaren oinarria.
Zemendiaren 11tik 18ra egingo dabe 64. Zinebi, Bilboko Film Labur eta Dokumentalen Nazinoarteko Jaialdia, eta berau iragarriko dauen kartela aurkeztu dabe Bilboko Udalak eta jaialdiko arduradunek. Bizkaiko uriburuko Happyending sormen estudiokoek egin dabe, Zinebiren izakereagaz bat datorren irudia eta elementu barritzaile eta deigarriak diseinu berean batuta.
Zehatzago, Happyending estudioko fundatzaile eta kide diran Angela Alonso Hernández eta Elena Perea dira kartelaren egileak. Zinebiren izakereagaz bat, esperimentazino narratibo, formal eta estetiko barriak bilatu ditue, baina jaialdiaren ikur dan letrakereari eutsita.
Kartelaren diseinuaren oinarria forma geometrikoak dira, kolore bizidunak. Era berean, ikus-entzunezkoetan ohikoak diran eta publikoak ederto ezagutzen dituan elementu batzuk tartekatu ditue, orain dala urte batzuetako telebistetako doikuntza-kartak adibidez. Kultura herrikoia gogora ekarten daben figurak be badagoz kartelaren bersino ugarietan.
Elementu horreek guztiak buztartuta, jaialdiaren edizino honetarako berezko lengoaia bisual oso ezaguna sortu ahal izango dabela dinoe kartelaren egileek, Zinebiren nortasunagaz zuzenean lotuta dagoana.
Angela Alonso Hernández eta Elena Perea Arte Ederretan lizentziadunak dira. Alonso Hernández Europako Diseinu Institutuan sormen sektoreko enpresen diseinu eta hazkundean ibili zan. Expo Zaragozako Euskadiren pabilioia, Segoviako Akueduktuaren Interpretazino Zentroa eta abar diseinau ditu. Pereak, ostera, Londresen eta Parisen ikasi eban; besteak beste, Hennessy, Le Royal Monceau, Roger Pradier, McDonald's eta Azkuna Zentroarentzat ibili da diseinatzaile grafiko. Gaur egun, Happyending estudioan lan egiteaz gan, Kunsthal Bilbaon irakasle dira sortzaile biak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!