Ikasleentzako zinemea Belodromora bueltauko da

Bizkaie! 2022-09-02 08:08   Zinemea

(DIPC) erakundeagaz lankidetzan hautatutako filma Terra Willy: Planeta ezezaguna euskeraz bikoiztuta emongo dabe.

6 eta 11 urte bitarteko milaka ume Belodromora itzuliko dira, Donostia Zinemaldiak, Donostia International Physics Center-ek (DIPC) eta Euskadiko Filmategiak batera atondutako jarduera batean zinemea eta zientzia buztartzen dituan film baten emonaldiaz gozetako. Donostia, Zinema Uria, Zientzia Uria goiburuari eutsiz, lankidetza honen jomugea lurraldeko ikasleei zientziaren irudi positiboa helarazotea eta uriak ikerketa zientifikoagaz dauen lotura handia ikusarazotea da.

Pandemiak markatuako azken urte biotan, jarduerea formatu birtualean egin da ikasgeletan, baina aurten Belodromora itzuliko da handitasunez Ikastetxeak Belodromoan izenagaz, jai-espiritua berreskuratzen dauen eta umeak harritzea espero dauen proposamen bategaz.

Belodromoko pantaila erraldoiak Eric Tostik zuzendutako Terra Willy: planeta ezezaguna animazinoko filmaren proiekzinoa eskainiko dau. Istripu espazial baten ondoren, planeta ezezagun batean bizirik iraun behar dauen eta, horretarako, robot baten eta izaki estralurtar baten laguntzea izango dauen ume bati buruzkoa da filma, euskerara bikoiztua. Filmaren proiekzinoak robot sozialen, hau da, gizakiagaz alkarreragin eta komuniketako eta, horrenbestez, gizakiei bizitzea hainbat alderditan errazteko diseinautako roboten inguruko aurkezpen labur eta original bat izango dau, Terra Willy filmeko robota holakoa baita.

Horretarako, Euskal Herriko Unibersidadeko (UPV/EHU) Robotika eta Sistema Autonomoen Ikerketa Taldearen (RSAT) partaidetza eta lankidetzea izango dau jarduereak; Elena Lazkano irakasle eta ikertzailea da Igor Rodriguez eta Unai Zabala informatikari eta ikerlariek be osotutako taldearen buru.

2019tik, Donostia Zinemaldian programetan diran eskola-zinemako saioek DIPC eta Euskadiko Filmategiaren laguntzea dabe. 80 bat ikastetxetako 13.000 ikasle baino gehiago joaten ziran, pandemia hasi aurretik, Belodromoan egindako sei saioetara. Aurten, jarduerearen ohiko formatuari ekinez, irailaren 16an (barikua) goizez, eta 19tik (astelehena) 23ra (barikua) egingo dira saioak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu