Sail Ofizialari amaierea emongo deutson ‘Marlowe’ filmaren mundu-estreinaldia Donostian
2022-09-01 12:25 ZinemeaNeil Jordan, Liam Neeson eta Diane Kruger Donostiara etorriko dira.
Marlowe filmak –detektibe pribatu ospetsua barriro pantailaratzen dauen Neil Jordanek zuzendutakoak– lehiaz kanpo emongo deutso amaierea Donostia Zinemaldiaren 70. edizinoko Sail Ofizialari. Irailaren 24an, Kursaal Auditoriumean, filmaren mundu-estreinaldia izango da eta zuzendaria Liam Neeson eta Diane Krugerregaz joango da amaiera-galara, Jessica Langegaz batera osotzen baitabe filmaren aktore-zerrendea.
Film luzea John Banvillek idatzitako The Black Eyed Blonde eleberrian oinarrituta dago; Raymond Chandler idazle estadubatuarrak orain ia 90 urte sortutako personaia hilezkorrean oinarrituta idatzi eban eleberria idazle irlandarrak. 30eko hamarkadearen amaieran Los Angeles urian girotutako lan horretan Philip Marlowe ikertzailearen istorioa kontetan jaku (Liam Neeson aktorea da antzezlea), emakumezko oinordeko eder baten maitalea topetako enkargua jasoten dauenean, hain zuzen be.
Alan Moloney, Gary Levinsohn, Mark Fasano, Billy Hines, Philip Kim eta Patrick Hibler dira filmaren produktoreak. Bartzelonan eta Dublinen filmauta, Parallel Films, Hills Productions eta Davis Films etxeen arteko koprodukzinoa da, Fís Éireann / Screen Ireland agentziaren laguntzeagaz. Sur Film taldeak produkzino-zerbitzuak emon ditu Bartzelonan.
Neil Jordan zinemagile irlandarrak (Sligo, 1950) idazle lanetan ekin eutson ibilbideari baina 80ko hamarkadan filmen zuzendaritza eta produkzino zereginetan hasi zan: Company of Wolves (1984); Mona Lisa (1986); The Crying Game (1992), jatorrizko gidoi onenaren Oscar saria; Interview With The Vampire (1994); Michael Collins (1996), Urrezko Lehoia Veneziako Mostran; The Butcher Boy (1997), zuzendari onenaren Zidarrezko Hartza Berlinalen; eta The Good Thief (2002), Donostia Zinemaldiaren Sail Ofiziala inaugurau ebana. Emmy Saria birritan irabazi dauen The Borgias (2011-2013) telesaila be idatzi, zuzendu eta produzidu dau. 2019an, Jordan izan zan Donostia Zinemaldiaren epaimahai ofizialaren epaimahaikide.
Sarrerak
Salgai dagoz inaugurazino-galarako (barikua, hilak 16) eta amaiera-galarako (zapatua, hilak 24a) sarrerak, baita Donostia Sariak Juliette Binoche (domekea, hilak 18) eta David Cronenbergi (eguaztena, hilak 21) emoteko zeremonietarako sarrerak be. Gainera, abuztuaren 16tik aurrera Belodromoko hiru filmetarako (Sintiéndolo mucho, Rainbow eta Black is Beltza II: Ainhoa) sarrerak be erosi daitekez hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!