17 euskal produkzino aurtengo Zinemaldian
2022-08-29 07:57 ZinemeaTartean dagoz euskerazko hamahiru film.
Donostiako Zinemaldiaren 70. edizinoko ia sail guztietan gozau ahal izango dogu euskal zinemagintzeaz, jaialdian parte hartuko daben bertoko 17 produkzinoei esker. Horreetako bi lehiatuko dira Urrezko Maskorra irabazteko: Suro, Mikel Gurrea zuzendari donostiarraren lehen film luzea; eta Fernando Francoren lan barria, La consagración de la primavera.
Aitatzekoa da, ganera, film horreetako gehienak euskeraz dirala, batzuk oso-osorik eta beste batzuk parte batean. Fermin Muguruzaren proiektu barria, Black Is Beltza II: Ainhoa da horreetako bat, eta Fermin Aiok zuzendutako Kepa Junkera berpiztu be aitatzekoa da, musikari bilbotarraren barru-barruko ikuspegia emongo deuskulako. Iktusa izan eban Junkerak 2018an.
Arantza Santestebanen 918 gau-k aitamen ugari izan ditu aurretik be, eta Donostian ikusi ahal izango da. Bestetik, Kimuak programearen barruko film labur bi dakarz Zabaltegi-Tabakalera sailak: Lur Olaizolaren Hirugarren koadernoa eta Estibaliz Urresolaren Cuerdas.
Irizar Saria irabazteko hamar hautagai egongo dira aurten. Donostian estreinautako euskal produkzinoek dabe saria irabazteko aukerea eta irabazleari 20.000 euro jagokoz. Inaugurazino ekitaldian proiektauko dan El vasco, Jabi Elortegirena, da hautagaietako bat. Besteak, Izaskun Arandiaren My Way Out; Xuban Intxaustiren Gesto; Ander Iriarteren Karpeta Urdinak; Maria Elorzaren A los libros y a las mujeres canto; Alberto Gastesiren Gelditasuna ekaitzean; eta gorago aitatutako Suro, La consagración de la primavera, Black Is Beltza II eta Kepa Junkera berpiztu.
Amaitzeko, oraindino amaitu barik dagozan proiektuak be aurkeztuko dira Zinemaldian. Helena Taberna, Asier Altuna, Pablo Hernando Esquisabel, Baltazar Kormákur eta Irati Gorostidiren proiektuak ezagutu ahal izango ditu publikoak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!