Santiago Lozak pelikulea estreinauko dau Zabaltegin
2022-08-24 13:36 ZinemeaJaialdi ezagunetatik pasautako film luze eta laburrak be hartuko ditu sailak.
Donostiako Zinemaldiaren barruko Zabaltegi-Tabakalera sailean 23 pelikulak hartuko dabe parte, baina azkenengoaren izenburua jakitearen faltan, 22 ezagutu doguz. Film luzeak, laburrak eta ertain bat sartu ditue aurtengo egitarauan, izan be, antolatzaileen arabera Zinemaldiko atalik edegiena da Zabaltegi, ez dauka mugarik estiloari edo iraupenari jagokonez.
Mundu mailako estreinaldi bat dakar Zabaltegi-Tabakalerak aurten, Santiago Loza argentinarraren Amigas en un camino de campo hain zuzen. Zinema Eraikitzen eta Koprodukzino Foroan proiektu ugari aurkeztu izan ditu aurreko urteetan Lozak, eta Horizontes Latinos sailean be parte hartu dau. Oraingoan, lan barriaren estreinaldia Donostian egitea erabagi dau.
Adiskidetasunari, denporea iragateari eta absentziari buruzko istorioa da Amigas en un camino de campo. Eva Bianco, Anabella Bacigalupo, Jazmín Carballo eta Carolina Saade dira aktore nagusiak.
Zabaltegik aurten dakarren eskaintza oparoan, film gehienak jaialdi ezagunetan (Venezia, Cannes, Berlin, Sundance) ikusi ahal izan diran harribitxiak dira. Lehiaketa barruan datoz Diego Céspedes txiletarraren Las criaturas que se derriten bajo el sol eta Thomas Salvador frantziarraren La montagne.
Aitatzekoak dira, ganera, Ruth Beckermann austriarraren Mutzenbacher, Lee Chang-dong hegokorearraren Heartbeat laburra, Bi Gan txinatarraren Di Qiu Zui Hou De Ye Wan eta Hlynur Pálmason islandiarraren Godland luzea eta Nest laburra.
Zabaltegi-Tabakalera Saria 20.000 eurokoa da. Hortik, 6.000 euro zuzendariarentzat izango dira eta ganerakoa, produkzino-etxeak filma Espainian zabaldu deian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!