Japoniara joan da Fipresci 2022 Sari Nagusia

Bizkaie! 2022-08-23 08:21   Zinemea

Ryūsuke Hamaguchiren Drive My Car aukeratu dabe mundu guztiko kritikariek.

'Drive my car' (Ryūsuke Hamaguchi) | Ikusi handiago | Argazki originala

Azken urtean estreinautako pelikularik onena aukeratu dabe mundu guztiko 646 zinema-kritikarik, Ryūsuke Hamaguchi zuzendari japoniarraren Drive My Car. Hortaz, film horri emongo deutse Fipresci 2022 Sari Nagusia, Donostiako Zinemaldiaren barruan egingo dan ekitaldian, irailaren 16an.

Sari entzutetsu ugari irabazi ditu Hamaguchiren obreak, besteak beste, ingelesez ez dan pelikularik onenaren Oscar Saria, 2022an. BAFTA eta Asian Pacific Screen Awards sarietan be irabazi dau. Donostiako Perlak sailean ikusi ahal izan zan Drive My Car 2021ean, eta urtebete geroago Fipresci Sari Nagusia hartzera etorriko da barriro.

Hidetoshi Nishijima eta Toko Miura dira filmeko antzezle nagusiak. Protagonistea Yusuke Kafuku antzerkiko aktore eta zuzendaria da. Iraganari aurre egin ezinik, Hiroshimako antzerki jaialdi batean Osaba Vania lana zuzentzeko ardurea onartu dau eta han Misaki txofer gaztea ezagutuko dau. Joan-etorrietan, alkarri autorpenak egin eta bien bizitza misteriotsuen sekretuak argitzen hasiko dira.

Aurtengo Fipresci Saria irabazteko hautagaien artean, beste lau finalista egon dira: Paul Thomas Andersonen Licorice Pizza; Jane Campionen The Power of the Dog; Ruben Östlunden Triangle of Sadness; eta Joachim Trierren Verdens verste menneske.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu