Zabalik dago Zinebi Networking-en parte hartzeko epea

Bizkaie! 2022-08-22 09:19   Zinemea

Foro profesionala eta sortze bidean diran dokumentalen topalekua da.

Bilboko Nazinoarteko Film Labur eta Dokumentalen Nazinoarteko Jaialdia da Zinebi, eta zemendian egingo dabe 64. edizinoa. Azken urteotan ohikoa bihurtu dan lez, festibalagaz batera egingo dabe Zinebi Networking, Bilboko Udalak eta Euskal Produktoreen Alkarteak antolatuta. Foro profesionala da eta bertan erakutsiko ditue produkzinoaren azken pausuetan dagozan dokumentalak.

Atal horretan parte hartu nahi daben sortzaile edo produkzino-etxeek izena emon leikie dagoeneko, irailaren 29ra arte. Adituen eta profesionalen batzorde batek aukeratuko ditu aurtengo edizinoan egongo diran dokumentalak.

Ikus-entzunezkoen produkzinoa bultzatzea da Zinebi Networking-en helburua, batez be bertokoa. Dana dala, aurten eremua zabaldu dau, ze, orain arte Euskal Herriko produkzinoak onartzen izan ditue, baina orain Espainiakoek be hartu leikie parte. Ikus-entzunezkoen alorreko sarea zabaldu eta indartzeko egin dabe aldaketea.

Sari bi banatuko ditue foroan parte hartzen daben pelikulen artean, 10.000 eurokoa bakotxa. Zinebi Jaialdiaren amaierako galan emongo ditue, zemendiaren 18an, Arriaga Antzokian. ZINEBI Networking: Dokumentalen Sorgunea izeneko saria Euskal Autonomia Erkidegoko proiekturik onenarendako izango da; erkidegotik kanpoko proiekturik onenarentzat izango da beste saria.

Iazko Zinebi Networking-eko irabazlea Maria Elorzaren A los libros y a las mujeres canto izan zan. 2020an, Amaia Remírezen Bayo Bayo Baby izan zan onena, 2019an Amaia Nerekanen Bost minutu eta 2018an Juan Palaciosen Meseta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu