Hansen-Løve, González Iñárritu eta Koreeda, Perlak Sailean

Bizkaie! 2022-08-22 07:56   Zinemea

Dozena bat film ikusi ahal izango dira aurtengo edizinoan.

'Broker', Hirokazu Koreeda | Ikusi handiago | Argazki originala

Goi mailako zuzendarien lan bikainak ikusteko aukera ederra izaten dira Donostiako Zinemaldiko Perlak Saileko emonaldiak, eta aurtengo edizinoa ez da salbuespena izango. Hamabi zuzendariren beste horrenbeste film ezagutu ahal izango ditu publikoak, eta tartean dagoz punta-puntako sortzaileak: Mia Hansen-Løve, Alejandro González Iñárritu, Hirokazu Koreeda, François Ozon, Dardenne anaiak...

2022ko edizinoari ekiteko, omenaldi bi dakarz atal berezi honek. Batetik, Peter von Kant, François Ozonek Fassbinderri egindakoa; bestetik, David Bowie gogoan Brett Mogenek zuzendutako Moonage Daydream.

Cannesen sari garrantzitsuak irabazi dituen pelikulek be lekua izango dabe aurtengo Perlaken. Batetik, Urrezko Palmondoa eskuratu barri dator Ruben Östlund suediarra, Triangle of Sadness-i esker. Bestetik, Dardenne anaia belgikarrak be disdira handiz pasau dira Frantziako jaialditik, eta orain Donostiara dakarre Tori et Lokita.

Aitatzekoa da, bestetik, Alejandro González Iñárritu mexikarraren Bardo, falsa crónica de unas cuantas verdades pelikulea, kazetari eta dokumentalgile mexikar baten istorioa kontetan dauena. Hirokazu Koreeda japoniarrak, ostera, Broker aurkeztuko dau Zinemaldian, Song Kang-ho hegokorearra protagonista nagusi dauen filma.

Perlak Saileko beste pelikulak honeek izango dira: Argentina, 1985 (Santiago Mitre), Corsage (Marie Kreutzer), L'innocent (Louis Garrel), Living (Oliver Hermanus), R.M.N. (Cristian Mungiu) eta Un beau matin (Mia Hansen-Løve).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu