'Sublime' argentinarrak irabazi dau 10. Sebastiane Latino Saria

Bizkaie! 2022-08-17 13:10   Zinemea

Sexu eta genero aniztasuna ondoen agertu dauen film latinoamerikarrarentzat da saria.

Mariano Basin zinemagile argentinarrak zuzendutako Sublime pelikuleak irabazi dau 10. Sebastiane Latino Saria, eta 70. Donostiako Zinemaldiaren barruko ekitaldi batean izango da saria emoteko ekitaldia. Gehitu alkarteak bultzatutako saria da, eta horko kideak egon dira epaimahaian. Latinoamerikan egindako pelikulen artean, sexu eta genero aniztasuna ondoen agertu dauenari emon deutse.

Berlinalen erakutsi eben Sublime, Mariano Basinen lehenengo film luzea, eta Donostiako Horizontes Latinos sailean be ikusi ahal izango da. Manuel, 16 urteko mutila, da protagonistea; baxua joten dau musika-talde batean, txikitako lagun Felipegaz batera. Manuel Azulen bikotekidea da, hartu-emon bizia da bien artekoa, baina halako batean Felipe beste modu batean ikusten hasiko da Manuel.

Gehitu alkarteak azaldu dauenez, LGTBI+ kolektiboaren burrukak egunerokoan lortu dituan aldaketak islatzen dituan filma dalako saritu dabe Sublime. Maitasunezko istorio bat modu positibo eta erakargarrian kontetan dauela be txalotu dau epaimahaiak.

Bestetik, Donostiako Zinemaldiak eta Gehituk alkarregaz antolatuko dabe Iberoamerikako LGTBIQA+ Zinema Jaialdien Topaketea. 2015etik egiten dan jardunaldi horretan, gogoetarako eta LGTBIQA+ eskubideen arloan ikus-entzunezkoetako jokerak eta erronkak aztertzeko espazioa sortzen da. Mahai-inguruak, proiekzinoak, kasu praktikoen azterketea... Hainbat jarduera egongo dira topaketan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu