Bulgaria, Turkia, Moldavia eta Ukrainako proiektu bana WIP Europan

Bizkaie! 2022-08-05 13:22   Zinemea

Posprodukzino fasean dagozan pelikulek hartzen dabe parte sail horretan.

Tonia Noyabrovaren 'Ty mene lyubysh?' | Ikusi handiago | Argazki originala

Donostiako Zinemaldiaren 70. edizinoaren barruan, irailaren 19tik 21era egingo dabe WIP Europa, kontinenteko produkzinoei zabalkundea eta bultzadea emoten deutsen saila. Hain zuzen be, postprodukzino fasean dagozan filmak onartzen ditue atal horretan, produkzino guztia edo zatirik handiena europarra badabe.

Aurten lau pelikula lehiatuko dira, Bulgaria, Turkia, Moldavia eta Ukrainatik etorriak. WIP Europa Industria Saria emongo deutse horreetako bati. Postprodukzinorako laguntzinoa eta Espainiako merkaduan banaketa egiteko erraztasunak izango ditu irabazleak, sariaren partaide diran ikus-entzunezko enpresei esker.

Bestetik, WIP Europa Saria be badago, Industria Saria irabazi dauen proiektuaren bultzatzaile dan produkzino-etxearentzat. 10.000 euroko saria da.

Filmak

Nadejda Koseva zuzendari bulgariarrak bigarren film luzea aurkeztuko dau Donostian, Klopka izenekoa; Danubio ibaiaren ertzean kokatutako herri bateko biztanle bat da filmaren protagonistea, atzerriko inbersinogileek egin deutsen proposamenagaitik funtsezko erabagiak hartu beharko dituana.

Moldaviako Errepublikako aktore, muntatzaile eta zuzendaria da Anatol Durbala, eta WIP Europan erakutsiko dauen Varvara bigarren film luzea dau kamerearen atzean. Langile zintzo baten istorioa da; ume jaio barri goiztiarraren bizitzea salbetako beharrak, baina, zalantzagarriak diran diru-iturrietara eroango dau.

Selman Nacar turkiarra lehenago be Donostiako Zinemaldian parte hartuta dago, oraingoan Tereddüt Çizgisi dakar. Filmeko istorioa egun bakar batean jazoten da, protagonisteak –ama gaixoaz arduratu behar dauen abogadua– defendiduten dauen gaizkileari epaia emon behar deutsen egunean.

Ty mene lyubysh?, Tonia Noyabrova ukrainarraren bigarren film luzea, Kieven girotua dago, Sobietar Batasunaren azken urteetan. Protagonistea nerabe bat da, dibortziatzear dagozan gurasoen sekretuen jakitun, baina beti hareei kontra egiten.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu