Bost klasiko berrikusiko ditue Zinemaldian
2022-08-04 12:40 ZinemeaJ. Escobar-A. Cirici Pellicer, J. Itami, N. Mchedlidze, B. Martín Patino eta C. Vanelen filmak dira.
Munduko zinemagintzako klasiko zahar eta barriak batzen dituan atala da Klasikoak izenekoa eta, 70. Donostiako Zinemaldian, bost film proiektau eta gogoratuko ditue. Josep Escobar eta Alexandre Cirici Pellicer, Juzo Itami, Nana Mchedlidze, Basilio Martín Patino eta Charles Vanel zuzendarien obrak dira, zerrenda hetereogeno eta interesgarria.
Klasikoak atala 2018an sortu zanetik, lehenengoz dago animazinozko film bat aukeratutakoen artean, Érase una vez… (1950) izenekoa, Josep Escobar (1908-1994) komikigileak eta Alexandre Cirici Pellicer zinemagileak (1908-1983) alkarregaz zuzendua. Errauskine ipuin ezagunaren egokitzapena da eta filmaren kopia bakarra baino ez da geratzen, zuri-baltzean. Baina Kataluniako Filmategiaren ahaleginari esker, jatorrizko koloreakaz gozauko dogu Zinemaldian.
Bestetik, Juzo Itami japoniarraren Tampopo (1985) emongo dabe Klasikoak atalean, 4K formatuan zaharbarritua. Western ikutuak dituan komedia honetan, kamioilari bik jatetxe baten jaubeari ramen perfektua atontzen laguntzen deutse.
Espainiako zinemagintzearen ordezkari dan Basilio Martín Patinoren (1930-2017) Nueve cartas a Berta (1966) be badago egitarauan, Espainiako Filmategiak zaharbarritutako bersinoa hain zuzen. Erbesteratutako espainiar baten alabeaz maiteminduta dagoan gizon baten istorioa da.
Beste klasiko bat Pirveli mertskhali (1975) da, Nana Mchedlidze (1926-2016) zuzendari, aktore eta gidoilari georgiarrarena. Jason kirolari talentudun eta sutsuak Potiko portuan Georgiako lehenengo futbol taldea sortu bitartean izandako gorabeherak kontetan dira.
Azkenik, Dans la nuit (1930) film mutuak biribilduko dau Klasikoak atala, Joserra Senperenak zuzenean joko dau pianoa proiekzinoa martxan dan artean. Charles Vanel (1892-1989) aktore frantziarrak zuzendutako film luze bakarra da, eta aktore nagusia be bera da. Cannesko eta Lyongo zinema-jaialdietako zuzendari Thierry Frémauxek aurkeztuko dau emonaldia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!