Hilaren 12an eta 13an egingo dabe Agorri Jazz Plentzian

Bizkaie! 2022-08-03 10:11   Musikea

Kontzertuak dobakoak izango dira.

Aurreko urteetan publikoaren erantzuna bikaina izan danez, Plentzian barriro egingo dabe aurten Agorri Jazz jaialdia, oraingo honetan abuztuaren 12an eta 13an. Herriko hainbat lekutan egingo ditue kontzertuak, danak doban, eta jazz musikearen doinu klasikoez zein barritzaileez gozau ahal izango dabe herritarrek zein bisitariek.

Agorri Jazz 2022 Udalak antolatu dau, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesagaz eta Plentziako Merkatari, Ostalaritza eta Zerbitzuen alkartea laguntzaile dala. Dagoeneko ondo finkatuta dagoan hitzordu musikala dala adierazo dabe Udaleko ordezkariek. Musikeaz gozetea eta pandemian hainbeste sufridu dauen sektore kulturala bultzatzea dira helburuak.

Aurtengo egitarauan sei kontzertu dagoz. Lehenengo egunean, hilaren 12an, Crazy Jazzer arduratuko da jaialdia zabaltzeaz, 20:00etan Eleiz plazan. 22:00etan, leku berean izango da bigarren emonaldia, Noa and the hell drinkers oholtzan dirala.

Bigarren egunean, 13an, beste lau hitzordu dagoz aukeran. Batetik, Eleiz plazan, Gonzalo Portugal entzun ahal izango dogu 13:00etan. Bestetik, ordu berean, kalerik kale ibiliko da beste ikuskizun bat, DJ Reimy gidari dala. Iluntzean, Eleiz plazara bueltauko da musikea, Swingtronics (20:00) eta Juan de Diego Quartet-en (22:00) eskutik.

Informazino gehiago hemen (PDF).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu