Laura Mora, Frelle Petersen, Hong Sangsoo eta Petr Václav, Urrezko Maskorrerako lehian

Bizkaie! 2022-08-02 12:32   Zinemea

Manuel Abramovich, Christophe Honoré, Sebastián Lelio, Diego Lerman, Laura Mora eta Ulrich Seidl be bai.

Laura Moraren 'Los reyes del mundo' Sail Ofizialean izango da | Ikusi handiago | Argazki originala

Manuel Abramovich, Christophe Honoré, Sebastián Lelio, Diego Lerman, Marco Martins, Laura Mora, Frelle Petersen, Hong Sangsoo, Ulrich Seidl eta Petr Václav zuzendarien filmak 70. Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean proiektauko ditue eta pelikularik onenaren Urrezko Maskorra irabazteko hautagai izango dira, jaialdiko arduradunek jakitera emon dabenez.

Ganera, Genki Kawamuraren eta Marian Mathiasen lehenengo lanak be lehiatuko dira. Sail Ofizialaren parte izango da Yannick Kergoaten La (trés) grande evasion dokumentala, iruzur fiskalaren inguruko ikerlan zabala, baina lehiaz kanpo.

Aurreko egunetan, lau zuzendariren lanak Sail Ofizialean izango dirala aurreratu eban Zinemaldiak, Fernando Franco, Mikel Gurrea, Pilar Palomero eta Jaime Rosalesenak. Oraingoan, jatorri ugaritako zinemagileen filmak batu dira zerrendara.

Esate baterako, Argentinatik dator Manuel Abramovich eta Pornomelancolía aurkeztuko dau, sex-influencer dalako baten erretratua. Herrialde bereko Diego Lermanek El suplente dakar. Christophe Honoré frantziarrak, ostera, krisian dan nerabe baten istorioa kontau dau Le Lycéen pelikulan, hurreko persona bat galtzen daneko momentuetara jota. Dolua Frelle Petersen danimarkarrak be jorratu dau Resten af livet filmean.

Genki Kawamura japoniarra animazinozko lanetan egin da ezagun, baina fikzinozko lehenengo luzea dakar Donostiara, Hyakka. Marian Mathias estadubatuarrarentzat be opera prima da Runner. Eskarmentu zabalagoa dau Sebastián Lelio txiletarrak, Zinemaldian be lehenago parte hartuta dago; oraingoan XIX. mendean girotutako The Wonder dakar.

Marco Martins portugaldarra da, baina Britainia Handian girotu dau Great Yarmouth-Provisional Figures, emigrazinoaren inguruko lana. Medellingo kaleetara eroango gaitu, bestetik, Laura Mora kolonbiarrak Los reyes del mundo-n.

Hego Koreako zinemagintza indartsuaren ordezkari etorriko da Hong Sansoo Donostiara, Top aurkezteko. 2017an zinemagile onenaren Zidarrezko Maskorra irabazi eban Hong Sansook. Sari nagusirik irabazi ez daben arren, aurretik Zinemaldian parte hartutakoak dira Ulrich Seidl austriarra (Sparta) eta Petr Václav txekiarra (Il Boemo). 1770eko hamarkadako opera konpositore ezaguna izan zan Josef Myslivecek aurkeztuko deusku azken film horrek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu