32. Kalekak 21.000 ikusle batu ditu Lekeition
2022-07-12 08:19 KultureaLekittoko Deabruak-en sua, Markeliñe-ren bildurra edota El Gran Dimitri-ren umoreak ikusle kopuru handia erakarri dau.
Lekeitioko Nazinoarteko Kale Arteen Jaialdiaren berpizkundea izan da, azken urte bietan osasun egoerearen ondorioz sortutako mugen ondoren.
Ikusleen harrerea bikaina izan da. Danetariko ikuskizunetan, arlo eta disziplina askotako kale arteak izan dira nagusi: El extraño caso de la calle Brasov (Troula Animación) eta Glubs (Nacho Vilar Producciones) kalejirak, Carman (Javier Ariza), The Legend (El Gran Dimitri) eta Benditas (El mono habitado) ikuskizunen umorea, We all live in a box (Ambae Company) performance-aren musika eta kutxak, Inkululeko (Kaput), Psike (Markeliñe) eta Akabo! (Cia. Barsanti) ikuskizunek bultzatutako gogoetak, El Gran Final (Bucraá Circus) eta Circus Feria (Bambolea) taldeen zirkua edota Suricata Hoops (La Suricata Circus) eta Agustinne (Cía. Ido Loca) garapenean dagozan Scratch ikuskizunak batu ditu edizino honek. Eta, jakina, Lekittoko Deabruak taldearen 10. urteurrenean, Hamaika Sugar piroteknia ikuskizuna be izan da. Lekeitioko taldeak herriko kaleak su eta argiz bete zituan, milaka ikusle batuz. Duda barik jaialdi osoan jarraipen handiena izan dauen ikuskizuna, publikoa gogotsu egoan barriro be Deabruak ikusteko eta, konpainiaren hamargarren urteurrena ospatzeko, piroteknia ikuskizun parebakoa eskaini eben. Holako egitaraua izanik ez da bape arraroa 21.000 ikusletik gora hartu izana hamalau ikuskizunetan zehar.
32. Kalekaren ateak zarratu dira, baina jaialdiko atontzaileek beharrean jarraitzen dabe udagoienean edegiko dan deialdi zabala atontzeko. Gogoratu, urtero legez, Kalekan parte hartzen daben proposamen guztiak deialdi edeg baten bidez aukeratzen dirala. Aurten 400 proposamenetik gora jaso ziran eta hurrengo edizioan gehiago izatea espero da. Informazino guztia kaleka.eus orrialdean egongo da udagoien honetan.
Era berean, Kaleka jaialdiak eskerrak emon nahi deutsee hiru egun honeetan zehar parte hartu daben konpainia, kolektibo, laguntzaile eta, oro har, jaialdi honen parte izan diranei. Edizino hau arrakastatsua izan bada, guztiei esker izan da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!