'Modelo 77' Alberto Rodríguezen film luze barriak inaugurauko dau Donostia Zinemaldia
2022-07-07 11:53 ZinemeaIrailaren 16an emongo dabe filma lehiaketatik kanpo.
Alberto Rodríguez zinemagile sevillarraren film luze barriak, Modelo 77 izenekoak, lehiaketaz kanpo inaugurauko dau 70. Donostia Zinemaldia. Espainian transizino politikoaren garaian girotutako thriller bat da eta, besteak beste, Miguel Herrán eta Javier Gutiérrez ditu protagonista. Film honegaz, bosgarrenez hartuko dau parte zuzendariak Sail Ofizialean; irailaren 16an Kursaal auditoriumean egingo dan inaugurazino galearen ondoren eskainiko dabe.
Benetako jazoeretan oinarrituta, filmak adiskidetasun, alkartasun eta askatasun-istorio bat kontetan deusku. Filmaren lehenengo irudiak Bartzelonako Modelo kartzelakoak dira eta bertan, Manuel (Miguel Herrán) izeneko kontulari gazte bat desfalkuagaitiko epaiketa baten zain dago eta 6-8 urteko zigor bati aurre egin behar deutso, zigorra neurriz kanpokoa bada be egin dauen deliturako. Haren zeldakide Pinogaz (Javier Gutiérrez) batera, bat egingo dau Espainiak 40 urteko diktadurea sufridu ondoren eskuratutako demokraziaren hasieran euren eskubideen eta amnistiaren alde burrukan dabizen preso arruntez osotutako talde bategaz.
Alberto Rodríguezek (Sevilla, 1971) El factor Pilgrim (2000) filmagaz egin eban debuta. Santi Amodeogaz batera zuzendu eban film hori eta lehenengoz izan genduan Donostia Zinemaldian filma aurkezten etorri zanean; aitamen berezia izan eban New Directors sailean. El traje / The Suit (2002) filmagaz, sail berean parte hartu eban barriro, oraingoan bakarka; geroago, Sail Ofizialean egin eban debuta 7 vírgenes / 7 virgins (2005) filmagaz eta hor Juan José Ballestak aktore onenaren Zidarrezko Maskorra irabazi eban. Ondoren, hiru Goya saritarako izentau eben After (2009) filma eta Made in Spain sailean emon eben, geroago, Grupo 7 / Unit 7, Goya sarien 16 kategoriatan hautagai izateaz gan.
Zuzendaria Donostiako lehiaketa ofizialera bueltau zan La isla mínima / Marshland (2014) filmagaz, 10 Goya sari eskuratu aurretik, Gizonezko Aktore Onenaren Zidarrezko Maskorra emon eutselako Javier Gutiérrezi eta Argazki Onenaren Epaimahaiaren Saria Álex Cataláni. Horren ondoren, barriro lehiatu zan Zinemaldian El hombre de las mil caras / Smoke and Mirrors (2016) filmagaz. Eduard Fernándezek Zidarrezko Maskorra irabazi eban film horri esker eta La peste / The Plague (2017) telesaila aurkezten be etorri zan Sail Ofizialean, lehiaketaz kanpo.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!