Akerbeltzen antxumak txapeldun Bizkaiko Taldekakoan

Bizkaie! 2022-05-30 09:28   Bertsolaritzea

Finalaurrekoak eta finala jokatu ditue Larrabetzun.

Bizkaiko bertsolaritzearen egun osoko jaiaren barruan, Larrabetzun, bazkalostean ekin deutse 2022ko Taldekako Txapelketeari. Lehenik eta behin, hiru finalaurrekoak jokatu dira, bata bestearen atzetik eta herriko hainbat lekutan. Gauean, hiru onenek finalean hartu dabe parte eta, azkenean, Akerbeltzen antxumak izan dira txapeldun.

Lehenengo finalaurrekoan, Laukijjek, Beethovenen belarriak eta Koipelustriek taldeek kantau dabe. Abadiñotik joandako Koipelustriek izan dira onenak, epaileen arabera. Ondoren, bigarren finalaurrekoan, azken saiorako beste txartel bat izan dabe jokoan Kantakunek, Urruxarrak eta Poto Baptist School taldeek. Kasu honetan, iurretarrak nagusi, hau da, Urruxarrak.

Hirugarren finalaurrekoan, ostera, irabazlea ez da Durangaldekoa izan, Lea-Artibaikoa baino: Markina-Xemeingo Akerbeltzen antxumak. Beste taldeak Zornotzako Bertso Oskola eta Far Westeko bertsolariak izan dira.

Indarrak berreskuratzeko, finalaren aurretik, Larrabetzuko Etxeraten eskutik ogitarteko batzuk jateko aukerea egon da Larrabetzuko plazan, musikaz girotuta. Hori Bai Gaztetxera joan dira danak gero, finalerako prest. Akerbeltzen antxumak izan da finaleko onena.

Azken saioan bertsotan ibili dira Bittor Altube, Gorka Pagonabarraga, Aitor Bizkarra, Peru Madalena, Eneko Abasolo, Ixone Asategi, Gorka Lazkano, Nerea Ibarzabal, Nahia Ibarzabal, Aissa Intxausti eta Josune Aramendi. Epaileak Hodei Zenikazelaia, Eneko Barruetabeña eta Sara Asenjo izan dira, eta gai-jartzaileak Idoia Anzorandia eta Beñat Vidal.

Markinarrak irabazle izan diran arren, Bizkaiko Bertsozale Alkarteak talde guztiei eskerrak emon deutsez, Bizkaiko bazterrak bertso bikainez girotu dituelako. Aurtengo edizinoan parte hartu daben 23 taldeetako ordezkariei oroigarri bana emon deutse Larrabetzuko azken agurren aurretik.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu