Juliette Binoche agiri da 70. Donostiako Zinemaldiko kartelean
2022-05-13 13:12 ZinemeaAurtengo Donostia Sarietako bat aktore frantsesari emongo deutse.
Juliette Binoche Frantziako, Europako eta mundu zabaleko aktore ikonikoenen artean dago, hamarkada luzez egin dauen lan oparoari eta film ezagunetan jokatutako rolei esker. Horregaitik, irailean Donostiako Zinemaldiak egingo dauen edizinoko kartel ofizialean agiri da, eta Donostia Saria be emongo deutse. Ganera, ez da edozein edizino aurtengoa, 70. aldiz egingo dabe jaialdia.
Donostia Saria emoteko ekitaldia Kursaalean egingo da, eta Claire Denis frantziarrak zuzendutako Avec amour et acharnement filma ikusi ahal izango da. Juliette Binoche da pelikula horretako protagonistetako bat, Vincent Lindon eta Grégoire Colinegaz batera. Binocheren laugarren bisitea izango da aurtengoa Zinemaldira.
Dimensión enpresea arduratu da aurtengo kartelak egiteaz, eta Brigitte Lacombe argazkilariak Juliette Binocheri egindako erretratu bat erabili dau 70. edizinoko poster ofizialean. Zuri-baltzean agiri dira Binoche eta haren izena, eta Zinemaldiaren titulua, ostera, koloretan. Jaialdiaren barruko atal nagusietako kartelak be aurkeztu ditue, eta nobedade nagusia Zinemirak dakar, lehenengoz izango dauelako kartela.
Frantziako Arte Dramatikoko Konserbatorio Nazionalean trebatu zan Juliette Binochek (Paris, 1964), eta gazterik hasi zan pelikuletan agertzen, lehenengoa Liberty Belle, 1983koa. Jean-Luc Godard, Jacques Doillon, André Techiné, Leox Carax eta beste zuzendari ezagun askoren aginduetara ibili da gerora.
Europako zein Hollywoodeko aktore ospetsuen alboan ikusi izan dogu Binoche, izan be, frantsesezko zein ingelesezko filmak egiten ditu. Bigarren mailako aktorerik onenaren Oscar Saria irabazi eban 1996an, The English Patient pelikulan egindako lanagaitik. Venezian, Berlinen, Cesar Sarietan eta abar be irabazi izan dau.
Erakusketea, zazpi hamarkada gogoan
Beste alde batetik, Donostiako Zinemaldiak 70. urteurrena gogoratzeko erakusketea atondu dau Tabakaleragaz batera, Imajinatu Zinemaldia izenburupean. Morgancrea estudioaren komisariotzapean, garagarrilaren 4tik 24ra ikusi ahal izango da, zinemagintzako industriari, komunikabideei eta uriari gorazarre egiteko, bai eta, batik bat, publikoari be.
Argazki ikusgarrien bidez erakutsiko dabe Zinemaldiak 70 urtean izan dauen bilakaerea, Donostiara etorri diran izarrak eta estreinau diran filmak. Besteak beste, erakutsiko ditue Alfred Hitchcock Victoria Eugenian Vertigo (1958) aurkezten; Harrison Ford eta Carrie Fisher Star Wars-en (1977) Europako estreinaldian; John Travolta Kontxako hondartzan paseoan 1983an; Bette Davis 1989ko prentsaurrekoan; U2 taldeko Bono abeslaria Penélope Cruzi 2019ko Donostia Saria emoten...
Ganera, herritarrek be eurek egindako argazkiak bialdu ahal izango ditue, erakusketan agertu daitezan. Zinemaldiagaz lotutako erretratu zaharrak gordeta euki ezkero, beraz, hemen kargau ahal izango ditue. Selfie bat aktore famatu bategaz, autografoak sinatzen alfonbra gorrian, zuzendariren bat urian paseoan... Danetarikoak onartuko ditue eta, ondoren, komisarioek aukeratuko ditue erakutsiko diranak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!