Bizkaiko Bertsolaritzearen jaia, maiatzaren 28an, Larrabetzun

Bizkaie! 2022-05-06 09:18   Bertsolaritzea

Eskolarteko finalak, taldekako finalaurrekoak eta finala aurreikusi ditue. 

Bizkaiko Bertsozale Alkarteak Bizkaiko bertsolaritzearen ekosistema osoa, eskualdez eskualde eta etenik barik elikatzeko helburua dauka, baita bertsogintzearen oinarria motibau, finkatu eta jorratzea be. Helburu horreek lortzeko bidean maiatzaren 28rako egun osoko jaia atondu dau alkarteak Larrabetzun.

Eskolartekoa

Alkartearen oinarrietako bat bertsolaritzearen transmisinoan egiten dan beharra nabarmendu daiteke eta hor kokatzen ditue eskolarteko sariketak be. Ume eta gaztetxoak erakarri gura ditu Alkarteak bertsolaritzara eta, besteak beste, eskolarteko sariketea atontzen da horretarako. Eskolarteko txapelketea Ikastolen Alkarteagaz batera atontzen da.

Bizkaiko Taldekako Txapelketea

Taldekakoaren bitartez, oinarrian eragin gura da, bertso eskolak eta eskualdeak indartu gura dira. Horretarako, gune ludiko bat eskaintzea da asmoa.

Egitaraua

Maiatzaren 28an, Larrabetzun, Bizkaiko Bertsolaritzearen jaia ospatuko da, bertso eskolen eta bertsozaleen jaia izango da eguna. Horretarako, egitarau betea dator. Kartelean ikusten dan moduan, goizean eskolarteko finalak izango dira, lehenengo idatzizkoa eta ostean, bat-batekoa.

Eguerdian bazkari herrikoia izango da eta bazkarirako txartelak hartzeko azken eguna maiatzaren 19a da. Tiketak www.bertsosarrerak.eus atarian dagoz eskuragarri 13 euroan. Aukera begetarianoa gura dauenak, edota edozelako alergiarik dauenak, idatzi mesedez bizkaia@bertsozale.eus helbidera.

Eguna borobiltzeko, arratsaldean, Taldekako 3 finalaurrekoak eta finala jokatuko dira.

Bestalde, egun osoan zehar trikitilariek lagunduko dabe giroa alaitzen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu