'Joaneko txartela', Gernikako Bondardaketearen 85. urteurrena gogoratzeko erakusketea

Bizkaie! 2022-04-20 08:35   Kulturea

Gernikako Bakearen Museoak atondu dau.

Gernikako Bakearen Museoak bonbardaketearen 85. urteurrena ospatuko dau Txiletik heldutako erakusketa interesgarri bategaz, Joaneko txartela deitutakoak, Gernikako bonbardaketearen lekuko zuzen baten bizitzea ekarriko dau gogora: Antonio Zabaleta, Txilera erbesteratuta Winnipeg itsasontzian joan behar izan ebana.

Narrazino hori guztia Cecilia Zabaleta lobearen marrazkien bidez egiten da. Antonio Zabaleta Bermeotar errefuxiatuak, Ceciliaren aititea zanak, 19 urte zituan Txilen Winnipeg itsasontzitik porturatu zanean, Gernikako bonbardaketea bizi ondoren. Kontakizun personalak eta aititea gogoratuz ataratakoak hartu ditu ardatz artisteak, itsasaldi haretatik sano urten eben beste persona batzuen bizipenak erakusteko. Horretarako, hizkuntza argi eta iradokitzailea erabili dau adierazpidetzat, zenbait teknika oinarri hartuta: ilustrazinoak, collageak eta lan akrilikoak, tartean epigrafeak, dokumental-zatiak eta erretratuak sartuta.

Erakusketa hau apirilaren 25ean inaugurauko da 12:30ean Gernikako Bakearen Museoan eta 2022ko irailaren 14ra arte egongo da zabalik.

Erakusketeak irauten dauen bitartean, museoak hainbat jarduera atonduko ditu, besteak beste, erbesteari buruzko online tailer pedagogikoa eta maiatzean egingo dan gaiari buruzko online mintegia.

Erakusketeak Conflict Textiles bildumako arpilleren pieza bi izango ditu, gerrea dala eta derrigor alde egin beharraz adierazoten dabenak eta gaur egun salbamendu ontziei buruzko atal bat be izango dau.

Bere garaian Nerudaren Winnipeg ontzia bezela eta gaur egun, beste askoren artean, Mediterraneoan hainbeste bizitza salbetan dabilen Itsas Salbamendu Humanitarioa GKE-ko Aita Mari itsasontzia aitatuz.

Horregaz batera erakusketea azaltzen dauen liburuxkea argitaratu dau Gernikako Bakearen Museoak bonbardaketearen 85. urteurrena gogoratzeko atonduko dituan jarduera guztiak barrubatzen dituana.

Era berean, orain 85 urte Gernikan jazotakoa gogoratzeko hainbat jarduera barri egiten jarraituko dau museoak datozen hileotan (Italiak Gerra Zibilean izan eban parte-hartzeari buruzko Kongresua zein Turismoari eta Memoriari buruzko mintegia).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu