Louise Gluck eta Bob Dylan euskeraz irakurri geinkez
2021-12-15 10:38 KultureaGarazi Ugalde eta Xabi Paya arduratu dira itzulpenez.
Jokin Zaitegi Bekearen laguntzinoari esker sortutako liburu barri bi aurkeztu ditu Elkar argitaletxeak, biak be Literaturako Nobel Saria irabazi daben autoreen obren euskerazko itzulpenak. Louise Gluck idazlearen Basairisa Garazi Ugaldek itzuli dau eta Bon Dylan kantariaren 100 kantu Xabier Payak.
Elkarregaz batera, Arrasateko Udalak eta AED alkarteak bultzatzen dabe Jokin Zaitegi Bekea, literaturearen bidez euskerea bultzatzeko asmoz. Literatura Nobel Saria irabazi daben autoreen obra bana euskeratzen laguntzen dau, urtero itzultzaileentzako deialdi bat zabalduta.
Bob Dylanek 2016an irabazi eban Nobel Saria. Normalean, Jokin Zaitegi Bekako bultzatzaileek irabazlearen liburu bat aukeratzen dabe, deialdia irabazten dauen itzultzaileak euskeratu deian. Dylan, baina, ez da idazlea (ohiko esanguran ez, behinik behin), kantaria eta musikaria baino. Hortaz, haren ingelesezko ehun kanturen berbak itzuli ditu Payak, eta 100 kantu liburuan irakurri geinkez.
Louise Gluck, bestetik, 2020an saritu eban Suediako Akademiak. Kasu horretan, The Wild Iris liburua aukeratu dabe Jokin Zaitegi Bekarako, eta Garazi Ugaldek Basairisa izenburupean ekarri dau euskerara.
Dylan eta Gluck, biak dira amerikarrak eta biek idazten dabe ingelesez. Hortaz, Ozeanoaz bestaldeko sorkuntzea ezagutzeko aproposa da Elkarrek orain dakarren liburu parea. Bien bitartean, Jokin Zaitegi Bekea ez dago geldirik, eta 2021eko Nobel Sariari jagokon deialdia zabalik dago, abenduaren 31ra arte. Abdulrazak Gurnah tanzaniarraren Paradise nobelea itzuliko dau aurtengo irabazleak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!