'La cumbre es el camino' dokumentalaren estreinaldia Bilbon

Bizkaie! 2021-11-24 12:58   Zinemea

Adimen-urritasuna daben hiru mutilek Everesteko kanpamentu nagusira egindako lehen espedizinoa.

Zemendiaren 26an, barikuan, arratsaldeko 18:00etan, Sabino Arana Fundazinoko Euskal Abertzaletasunaren Museoak La cumbre es el camino dokumentala aurkeztuko dau Euskadin. Adimen-urritasuna daben hiru mutilek Everesteko kanpamentu nagusira (5.600 metroko altueran) egindako lehen espedizinoaren barri dakar. Lurreko mendikaterik altuenean, Himalayan, egindako lehen trekking inklusiboa izan da. Sartzea doban izango da eta aurkezpenean, Alex Txikon euskal alpinistea, Álvaro Sanz filmaren zuzendaria eta abentura honetako hiru protagonista Juan Alejandro Martínez, Jesús Bermudez eta José Urbano Aparicio izango dira. Hiru gazteek Alex Txikon alpinista ospetsuari lagundu eutsen espedizinoaren lehen etapan, Everestera neguan igoteko ahaleginean eta oxigeno barik.

La cumbre es el camino dokumentalean ikusten da adimen-urritasuna daben 20 urteko hiru mutilek traba eta zailtasun guztiak gaindituz egindako abenturea, ames bat beteteko helburuari eutsiz: trabak haustea eta euren uritik Albacetetik, Nepalera bidaiatzea, Lukla uritik Ama Dablam mendiaren beheko alderaino. Hamabi egun oinez, 100 kilometroko ibilbidea desnibel handiakaz, 20 gradu zero azpiko tenperaturak, 5.500 metroko altuerare heltzea lortuz.

Mutilek Kirol Merezimenduaren Dominea jaso dabe. Espedizino honetako kide izan dira Ramón Portilla eta Oscar Cardo alpinista ezagunak be, baita lau laguntzaile be: Laura Maranchón, Fabricio Terrazas, Alberto Pastor eta Javier Palacios, danak AMIAB taldekoak. Alkarte honek Albaceten dau egoitza nagusia, eta helburua da ezintasunak dituen personen gizarteratzea. AMIABek proiektu honetan eskaini dauen lankidetzearen helburu nagusia da aitatu personei ikusgarritasuna emotea, esperientzia parebakoa eskainiz, erronkarik ez dala lortu ezin danik.

Álvaro Sanzek, Eldorado Agencyko zuzendari eta dokumentalaren egileak adierazo dau: Dana gainditu genduan, hiru mutilak espedizinoan izan ziran Himalayan azken urteetako negurik hotzenean eta bakarkako dokumental bat filmetea lortu neban 5.000 metroko altueran eta zero azpiko 20 gradu egozala.

La cumbre es el camino Eldorado Agencyren produkzinoa da, mundu naturala ikuspegi jasangarritik jagoten espezializautako sormen-agentziarena. Espedición Polar-ek be parte hartu dau, erretratu-bidaietan erreferentea dan etxeak. Proiektuaren produkzinoa AMIAB alkarteak bideratu dau.

AMIAB gizarte-ekonomiako alkarte-erakunde nazional bat da, onura publikokoa, ezintasuna daben eta/edo gizarte-bazterketako arriskuan dagozan personak gizartearen eremu guztietan erabat gizarteratzea lortzeko helburua dauena, enplegua eta kirol egokitua lehenetsiz. AMIABen ikuspegia erreferentziazko baliabidea izatea da, personen parte-hartze aktiboa bermatuko dauen gizarte bati laguntzeko. Albaceten dau egoitza nagusia, eta Espainiako beste hamar herritan dau presentzia.

1987an sortu zenetik, AMIABek 11.000 persona baino gehiago trebatu ditu, 1.500 langile eta 650 bazkide baino gehiago ditu, 17 lantoki eta 12 gizarte-enpresa ditu.

Álvaro Sanz

Erretratugilea eta errealizadorea da 1999tik. Gaur egun, Eldorado Agencyren CEOa da, bai eta Espedición Polar-eko sortzaile eta koordinatzailea be. Dokumentalak filmau ditu, aldizkarietan lan egin dau eta publizidade-lanak egin ditu. Naturea maite dau eta mundu osoan zehar ibili da, beti istorioak kontetako bai erretratu formatuan, bai ikus-entzunezko formatuan be. Antarctica Exploring the other pole, filmau eban eta Horizonte Norte izenburukoa da egin dauen beste lan bat, Juan Sisto abenturazaleak urte bi eta erdiz Patagoniatik Alaskara bizikletaz egindako bidaia ardatz dauen dokumentala.

Nazinoarteko publizidade-kanpainetan lan egin dau, besteak beste, Coca-Cola, Volkswagen, Fanta, Sprite, Olympus, Land Rover, McCallan, Juve Camps eta Brava Fabrics-entzat, erretratugile eta zuzendari lanetan. Urte honeetan, proiektuak konpartidu eta hainbat agentzia eta produktoregaz lan egin dau, besteak beste, Ogilvy, McCann, Abuztua, Santo, Landia, Primo Content, Visual Latina, Mirinda Films, Garage Films edo Blur Films.

Eldorado Agency sormen-agentzia bat da, post-turismoaren sasoiko bidaietan espezializautakoa. Álvaro Sanzek zuzentzen dau eta ondorengo proiektuak bultzatu ditu: Expedición Polar, erreferentea erretratu-bidaietan; White Horse, ikus-entzunezko etxea; eta Folch Studio, komunikazino-agentzia.

Eldorado Agency diseinatzaile, zinemagile eta idazleek osotzen dabe eta istorio argigarriak sortzen ditue mundu naturalaren edertasuna erakusteko, betibe ikuspegi jasangarrian oinarrituta. Espedición Polar komunidade bat da, 2010ean Álvaro Sanzek sortua eta bidaiez eta abenturaz gozetan daben erretratugileak dagoz bertan. Gaur egun erreferentea da erretratu-bidaien eta ikus-entzunezko prestakuntza-lanetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu