'Spencer' da 69. Zinemaldiko film sorpresea

Bizkaie! 2021-09-24 08:25   Zinemea

Pablo Larraín txiletarrak zuzendu dau eta Kristen Stewart da aktore nagusia.

Diana Galeskoa printzesearen heriotzatik ia mende lauren pasauta, Pablo Larraínek haren bizitzearen inguruko filma zuzendu dau, Spencer izenekoa. Berau izango da 69. Donostiako Zinemaldiko film sorpresea, jaialdiaren antolatzaileek zabaldu dabenez. Orain arte, isilpean gorde dabe proiekzino berezi horretan ikusiko dan pelikulearen izenburua.

Zapatuan, hilak 25, emongo dabe film sorpresea, 16:00etan, Victoria Eugenia antzokian. 

Pablo Larraín txiletarrak XX. mendeko emakume ikonikoak agertu izan ditu leheneago be bere filmografian. Esate baterako, 2016an Jackie aurkeztu eban, Jacqueline Kennedyren ingurukoa. Oraingo honetan, Diana Spencer hartu dau aitagai, Ingalaterrako tronurako oinordeko Karlosegaz ezkondu zanean Galesko printzesea bihurtu zana. 

Gazterik ezkondu ziran, eta gorabehera handiak izan zituan Karlosen eta Dianaren arteko alkarbizitzeak. Urte batzuen buruan, bakotxak bere bidea hartu eban. 1997an hil zan Diana Galeskoa, Parisen, trafiko istripuan. Spencer filmean, Kristen Stewart aktore estadubatuarra sartu da Dianaren azalean. Jack Farthing arduratu da Karlosen personaiaz eta beste aktore nagusiak Timothy Spall, Sean Harris eta Sally Hawkins dira.

Honen aurretik be, Zinemaldian sarri aurkeztu izan ditu filmak Pablo Larraínek. Tony Manero (2008), Post mortem (2010) eta El club (2015) Horizontes Latinos sailean erakutsi zituan, eta No (2012), Neruda (2016) eta Ema (2019) filmak Perlak sailean emon ziran.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu