Johnny Depp, Donostian: 'Jenteagaitik nago hemen'
2021-09-23 08:35 ZinemeaSaria emon deutso 69. Zinemaldiak.
Aurtengo bigarren Donostia Saria emon dau Zinemaldiak, Kursaal jauregian egindako gala ikusgarrian. Edurne Ormazabalek aurkeztuta, Johnny Depp aktore estadubatuarren omenezko ekitaldia egin dabe, eta jaialdiko zuzendari José Luis Rebordinosek emon deutso oroigarria. 2021eko beste Donostia Saria Marion Cotillardentzat izan da.
Zeresana emon dau Deppek 69. edizinoko ohorezko sarituetako bat izango zala jakin zanetik. Batetik, Hollywoodeko industriako aktore famatuenetako bat dalako, eta horrek berez dakarren oihartzuna ez da makala. Bestetik, eragile batzuek ez dabelako uste Deppi Donostia Saria emotea erabagi aproposa danik, kontuan izanda haren bikotekide ohi batek tratu txarren salaketak egin dituala aktorearen kontra.
José Luis Rebordinosek Deppi saria emotearen aldeko adierazpena be plazaratu behar izan eban, esanaz epaitegietan ez dabela Depp erruduntzat jo, salaketa formalik be ez dago aktorearen kontra, prentsako adierazpen batzuk baino ez. Zinemagintzan matxismoa eta indarkeria salatzeko bidea zabaldu dan honetan Deppen alde egitea ez dabe begi onez ikusi hainbatek, tartean emakumezko euskal sortzaileen Hemen alkarteak.
Kontuak kontu, ez dau atzera egin Zinemaldiak, eta egunotan Donostiara etorri da Johnny Depp. Saria hartzeko galea hasi baino lehen, zaleen aurrean agertu da, eta ikusmina agirian geratu da, aktorea ikusteko edo haren autografoa lortzeko hurreratu dan jentetzea kontuan izanda.
Ondoren, Kursaaleko oholtzan esker onez hartu dau Donostia Saria Deppek, eta ohore handia dala adierazo dau. Hau benetako zinema jaialdia da, eta bere ardatzean filmak eta ogibide honetan gabizan personak dagoz. Eskerrik asko Zinemaldiari eta uri osoari harrera bero honegaitik, esan dau aktoreak.
Zinemagintzea aurrera eroateko hierarkiak eta agintedunak beharrezkoak diran arren, oinarrian norbanakoak dagozala aldarrikatu dau Deppek, zinemearen magia sortzeko beharrezkoak dira aktore eta profesional guzti-guztiak. Jentea da estadubatuarraren motibazinoa: gaur arrazoi bakar bategaitik nago hemen, jenteagaitik, zinemea personentzat dalako.
Edurne Ormazabal aurkezleak azpimarratu dau Deppek personaien konplexutasuna adierazoteko dauen gaitasuna. Zoramenak eta samurtasunak, barreak eta malkoek bat egiten dabe, askotan, personaia berean.
Hirugarren aldia dau honako hau Johnny Deppek Donostiako Zinemaldian. 1998an Terry Gilliamegaz Fear and Loathing in Las Vegas aurkezten etorri zan eta, 2020an, Crock of Gold: A Few Rounds with Shane MacGowan dokumentala ekarri eban, bera produktoreen artean egoalako.
Argazkiak: Donostiako Zinemaldia.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!