Dea Kulumbegaxvili izango da Zinemaldiko epaimahaiburua
2021-09-03 13:07 ZinemeaMakina bat aktore eta zuzendari ezagun etorriko dira Donostiara egunotan.
Igaz Film Onenaren Urrezko Maskorra eta zuzendari eta gidoirik onenen sariak irabazi eta gero, Donostiako Zinemaldira bueltauko da aurten Dea Kulumbegaxvili zinemagile georgiarra. Oraingo honetan, baina, Sail Ofizialeko epaimahaiko burua izango da. Donostian egindako agerraldian, Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek eta komunikazino arduradun Ruth Perez Anuzitak 69. edizinoko epaimahaien barri emon dabe, eta jaialdian izango diran izar guztien izenak aitatu ditue.
Epaimahai ofizialean Maite Alberdi zuzendari txiletarra, Audrey Diwan zuzendari libanoarra, Susi Sanchez aktore espainiarra eta Ted Hope produktore estadubatuarra egongo dira, Kulumbegaxviligaz batera. Dasatskisi film luzeari esker egin dau lekua zinemagintzan zuzendari georgiarrak, nazinoartean sari ugari irabazi zituan eta. Besteak beste, 2020ko Donostiako Zinemaldiko pelikularik sarituena izan zan.
Sail Ofizialaz aparte, lehiaketadun beste atalek be epaimahaiak izango ditue. Euskal zinemagintzeari eskainitako Zinemiran, Aitor Arregi zuzendari eta gidoigilea izango da epaimahaiburu, eta beragaz egongo dira Arantzazu Calleja konpositorea eta Edurne Portela idazlea. Irizar saria emongo deutse euskal estreinaldirik onenari.
Zabaltegi-Tabakalera ataleko epaimahaian Sergio Oksman zinemagilea, Miriam Heard aktorea eta Elena Lopez Riera zuzendaria egongo dira. Zuzendari Barriak sailean, Mary Burke produktorea, Irene Escolar aktorea eta Suzanne Lindon zuzendaria izango dira epaile.
Horizontes saria ebazteaz arduratuko dan hirukotea hau da: Maria Zamora produktorea, Lila Aviles zuzendari eta aktorea eta Luciano Monteagudo zinema kritikaria. Nest ataleko irabazlea erabagiteko, Isabel Peña gidoigilea, Jorge Cantos zuzendaria, David Pinheiro zuzendaria eta Elsa Rosengren zuzendaria aukeratu ditu Zinemaldiak.
Goi mailako izenak, beraz, 69. Zinemaldiko epaimahaietan. Konbidaduen artean be, Donostian izango dirala baieztau dabe makina bat aktore eta zuzendari ezagunek. Euren film barriak aurkezten etorriko dira gehien-gehienak. Johnny Depp eta Marion Cotillard aktoreen kasuan, baina, Donostia Saria hartzea izango da Zinemalditik osterea egiteko arrazoi nagusia.
Aktoreen artean, Zinemaldiko antolatzaileek honeek aitatu ditue, besteak beste: Javier Bardem (El buen patrón), Jessica Chastain (The Eyes of Tammy Faye), Penélope Cruz (Competencia Oficial), Emmanuelle Devos (Vous ne désirez que moi), Dolores Fonzi eta María Valverde (Distancia de rescate), Charlotte Gainsbourg (Jane by Charlotte), Louis Garrel (La Croisade), Vincent Lindon (Undercover eta Titane), Noémie Merlant (Mi iubita, mon amour), Clarke Peters eta Stanley Tucci.
Zuzendariak be pilo bat izango dira: Laurent Cantet (Arthur Rambo), Lucile Hadzihalilovic (Earwig), Claire Simon (Vous ne désirez que moi), Julia Ducournau (Titane), Todd Haynes (The Velvet Underground), Sean Baker (The Florida Project ), Louis Garrel eta Joseph Engel (La Croisade), Xavier Giannoli (Les illusions perdues), Céline Sciammak (Petite Maman), Ryusuke Hamaguchi (Guzen to Sozo) eta abar.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!