Ferran Adriaren El Bulli jatetxea, Culinary Zinemari ekiteko

Bizkaie! 2021-09-03 08:10   Zinemea

Bost film eta bost afari tematiko dagoz aurtengo egitarauan.

Ferran Adria, 'Las huellas de El Bulli' filmean | Ikusi handiago | Argazki originala

Zinemagintzea eta gastronomia buztartzen dituan atala da Culinary Zinema, Donostiako Zinemaldiaren barruan. Aurtengo edizinoaren proposamenen artean, Ferran Adria chef kataluniar ospetsuaren El Bulli jatetxearen inguruko dokumental barria dago, Iñigo Ruizek eta José Larrazak zuzendua, Las huellas de El Bulli izenburupean.

Ferran Adriaren irudi poliedrikoa erakusten dau filmak, El Bulli jatetxeak mundu osoko gastronomian izan dauen eraginaren bidez. Beste proiektu batzuei ekiteko, orain dala hamar urte itxi eban Adriak jatetxe ospetsua, gastronomia ulertzeko modu barri eta iraultzaile baten sinboloa, baina oraindino ez da haren eragina amatau. Las huellas de El Bulli filmaren munduko estreinaldia da Donostiakoa.

Culinary Zinemaren hasierako ekitaldian proiektauko dabe Las huellas de El Bulli, baina ez da sail horrek aurten dakarren nobedade bakarra. Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek eta Basque Culinary Center-eko zuzendari Joxe Mari Aizegak azaldu dabenez, bost film erakutsiko ditue, eta beste horrenbeste afari tematiko antolatu.

Zinemagintzea eta gastronomia buztartzeko asmoaren erakusgarri, afari tematikoak proiektautako pelikuletan ikusitakoari lotuta egongo dira. 

Eric Besnard frantziarraren Délicieux izango da Culinary Zinemako amaierako filma. Frantziako Iraultzearen sasoian sukaldaritzan hasi dan gazte baten istorioa da. Espainian lehenengoz ikusi ahal izango da.

Egitarauko beste hiru filmak mundu osoko estreinaldiak dira: Reinventing Mirazur (Franck Ribiere eta Veriane Frediani), Mauro Colagreco chef argentinarra aurkezten deuskuna; Michelin Stars II: Nordic by Nature (Rasmus Dinesen), Faroe ugarteetako jatetxerik esklusiboenaren ingurukoa; eta The Pursuit of Perfection (Toshimichi Saito), lau chef japoniar esanguratsuren lanean sartuko gaituana.

Culinary Zinema irailaren 20tik 24ra egingo dabe, egunero film bat eta osteko afari tematikoa. Proiekzinoa ikusteko sarrerak 7,90 euroan salduko ditue, eta proiekzinora eta afarira joan gura dauenak 70 pagau beharko ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu