Berlanga eta Fernán-Gómez gogoratuko ditu Zinemaldiko klasikoen atalak
2021-08-23 13:23 ZinemeaTavernier eta Ford Coppolaren filmak be badakarz sail horrek.
Indarbarrituta dator Donostiako Zinemaldiaren klasikoen atala, 2020ko edizinoan huts egin eta gero: 2019ko egitarauko hiru pelikulen aldean, aurtengo edizinoan sei programau ditue. Batez be, Espainiako zinemagintzako zuzendari handi bi gogoratuko ditue, Luis García Berlanga eta Fernando Fernán-Gómez. Biak jaio ziran 1921ean eta, beraz, mendeurrena gogoan izango dau Zinemaldiak.
García Berlangak zuzendutako pelikula bi proiektauko ditue Donostian: 1962ko La muerte y el leñador (segmento de las cuatro verdades); eta Juan Antonio Bardemegaz batera zuzendutako Esa pareja feliz, 1951koa. Azken honetan, ganera, aurtengo edizinoko beste protagonistea, Fernando Fernán-Gómez, aktore nagusietako bat da.
Fernán-Gómezek zuzendutako film bat be badakar ziklo honek: Manicomio, Luis María Delgadogaz batera 1953an egina. Klasikoen atala biribiltzeko, Francis Ford-Coppolaren lan bi (The Outsiders: The Complete Novel eta The Rain People) eta Bertrand Tavernierren beste bat (Ça commence aujourd'hui) be ikusi ahal izango dira. Martian hil zan Tavernier, eta Zinemaldiak omenaldia egin nahi deutso.
Beste alde batetik, Loreak infernuan. Koreako zinemaren urrezko aroa atzerabegirakoa be antolatuko dau Zinemaldiak, Espainiako Filmategia, Euskadiko Filmategia eta Centro Cultural Coreano España laguntzaile dituala. 1950 eta 1960ko hamarkadetako hamar film korear aukeratu ditue ziklo berezi horretarako.
Berez, 2020ko edizinoan zan egitekoa Koreako atzerabegirakoa, baina pandemiaren ondorioz urtebete atzeratu eben. Zikloaren osogarri, liburu monografiko bat argitaratuko dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!