Zhang Yimou txinatarrak zabalduko dau 69. Zinemaldiko lehiaketea

Bizkaie! 2021-08-20 11:43   Zinemea

Michael Showalter eta Thierry de Perettiren film barriak be Sail Ofizialean dagoz.

Zhang Yimouren 'Yi miao zhong' | Ikusi handiago | Argazki originala

Urrezko Maskorra irabazteko lehian egongo diran film guztien zerrendea osotu dau, azkenik, 69. Donostiako Zinemaldiak. Hiru titulu falta ziran iragarteko, eta Zhang Yimou, Michael Showalter eta Thierry de Perettiren lanak aukeratu ditue antolatzaileek. Ganera, lehiaketearen inaugurazinoan proiektauko dan filma izango da Zhang Yimouren Yi miao zhong

Zinemagintzeari egindako omenaldia da Yi miao zhong, Txinako Iraultza Kulturalaren sasoian kokatutako filma. Lan behartuetako eremu batetik iges egin, eta alabaren irudi batzuen bila hasi dan gizon baten gorabeherak kontetan ditu. Wei Fan eta Yi Zhang dira aktore nagusiak.

Zhang Yimouk lotura estua dau Donostiako Zinemaldiagaz. Perlak sailean aurkeztu zituan hainbat film 1994 eta 2004 urteen artean eta, ganera, Epaimahai Ofizialaren buru izan zan 1997ko edizinoan. Halandabe, aurten hartuko dau parte lehenengoz lehiaketan.

Michael Showalter estadubatuarraren The Eyes of Tammy Faye, ostera, telebistako predikatzaile baten inguruan eregitako istorioa da. Arrakastara zelan heldu zan eta gero zelan egin eban porrot erakusten dau. Jessica Chastain eta Andrew Garfield dira aktore nagusiak. 

Thierry de Peretti frantziarraren Enquête sur un scandale d'Êtat ustelkeriaren eta narkotrafikoaren inguruko filma da. Poliziaburuek bultzatutako narkotrafiko-sare baten barri komunikabideetan emoten dauen espioia da protagonistea, baita kazetari gazte bat be. Aktore nagusiak Roschdy Zem, Pio Marmai, Vincent Lindon, Julie Moulier eta Alexis Manenti dira. 

Peretti, Showalter eta Yimou Urrezko Maskorra irabazteko lehiatuko diran zinemagileen zerrendan sartu dira, beraz. Honeek dira ganerakoak: Inés Barrionuevo, Iciar Bollaín, Laurent Cantet, Terence Davies, Alina Grigore, Lucile Hadzihalilovic, Zhang Ji, Fernando León de Aranoa, Tea Lindeburg, Claudia Llosa, Paco Plaza, Claire Simon eta Jonás Trueba.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu