'Nomadland'-ek irabazi dau 2021eko Film Onenaren Fipresci Saria

Bizkaie! 2021-08-18 12:16   Zinemea

Donostiako Zinemaldiko inaugurazino ekitaldian emongo deutse saria Chloé Zhao zuzendariari.

Zinema kritikarien onespena jaso dau Chloé Zhaok zuzendutako Nomadland filmak. 2020ko garagarrilaren 1etik aurrera estreinautako pelikulak lehiatu dira Film Onenaren Fipresci Sari Nagusia irabazteko. Mundu osoko 663 kritikarik hartu dabe parte botoa emoteko prozesuan.

Nomadland-egaz batera, beste lau finalista egon dira: Thomas Vinterbergen Druk, Jasmila Zbanicen Quo vadis, Aida?, Alexandre Koberidzeren Ras vkhedavt rodesac cas vukurebt? eta Radu Juderen Babardeală cu bucluc sau porno balamuc.

Ohiko moduan, Donostiako Zinemaldiaren barruan emongo deutse Fipresci saria Chloé Zhaori, 69. edizinoaren inaugurazino ekitaldian. 2020an ez eben sari hau emon, Covid-19agaitik estreinaldi eta jaialdi gitxi egin ziralako. 

1999tik emoten dabe Fipresci Saria, eta hamarkada bi baino gehiagoko ibilbidean, izen handiko zuzendariek irabazi dabe: Pedro Almodovarrek, Michael Hanekek, Jean-Luc Godardek, Aki Kaurismakik, Maren Adek eta Alfonso Cuarónek, besteak beste.

Estadu Batuetako gizartearen alderdirik sakonenera eroango gaitu Nomadland-ek. Protagonistea, Nevadako herri bateko emakumea, autokarabanan biziten hasi da, nomada moderno baten moduan. Frances McDormand da aktore nagusia. Filmak sari eta aitamen ugari jaso ditu, tartean Oscar Sariak, Urrezko Globoak eta Veneziako Urrezko Lehoia. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu