Hamalau proiektu Europa-Latinoamerika Koprodukzino Foroan
2021-08-13 13:35 ZinemeaIrailaren 20tik 22ra da hitzordua, Donostian.
Latinoamerikako zazpi herrialdetatik datozan zuzendarien proiektu barriak ezagutu ahal izango dira X. Europa-Latinoamerika Koprodukzino Foroan, irailaren 20tik 22ra, Donostiako 69. Zinemaldiaren barruan. Danetara hamalau film aukeratu ditue antolatzaileek, horreetatik zazpi emakumeek zuzenduak, eta beste horrenbeste, gizonek.
Hau da zerrendea: Alemania, María Zanettirena; Camionero, Francisco Mariserena; Chin-gone, Johnny Marena; Cuerpo celeste, Nayra Ilic Garcíarena; Donde comienza el río, Juan Andrés Arangorena; El porvenir de la mirada, Cristián Leightonena; El viento que arrasa, Paula Hernándezena; Espectro, Inés Barrionuevorena; Gente de noche, Romina Paularena; La sucesión, Martín Kalinarena; La virgen de la Tosquera, Laura Casabérena; Las muertes pasajeras, Agustín Bancherorena; Quédate quieto, Joanna Lombardirena; eta Sarah, Álvaro Aponte Centenorena.
Aurtengo Koprodukzino Foroan parte hartzeko 200 eskari baino gehiago izan ditu Zinemaldiak. Danetariko proiektuak aukeratu ditue: historiari buruzko gogoetak, konfinamenduan hasitako lanak, fikzinoaren eta ez-fikzinoaren artean dagozan istorioak, bildurrezko film bat... Ikus-entzunezko industriako profesionalen eta sortzaileen arteko zubilana egingo dau Foroak, hamalau proiektu horreek ahalik eta zabalkunderik handiena izan deien.
Programazinoa mistoa izango da, momentuan momentuko osasun egoerearen araberakoa. Foroaren hiru egunetan saio presentzialak antolatuko ditue San Telmo Museoan; hilaren 22an, ostera, Donostiara etorri ezin daben profesionalakaz online saioak egongo dira.
Sariak be banatuko ditue antolatzaileek proiektu parte-hartzaileen artean. Sari nagusia irabazten dauen filmeko produktoreari 10.000 euro emongo deutsez. ArteKino ataleko irabazleak 6.000 euro jasoko ditu. Azkenik, DALE! Saria 20.000 eurokoa da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!