Perlak atalak 15 film dakarz aurten

Bizkaie! 2021-08-06 08:12   Zinemea

Gastón Duprat eta Mariano Cohn-en film barriak zabalduko dau saila.

Beste zinemaldi garrantzitsu batzuetan aurkeztu diran filmak batuko ditu 69. Donostiako Zinemaldiko Perlak atalak, euskal publikoari zuzendari beteranoen zein gaur-gaurkoen lanaren barri emoteko. Aurtengo egitarauan 15 film dagoz, adibidez, Cannesen Urrezko Palmea irabazi barri dauen Julia Ducournaurena, edo zinemagintzan debuta egin dauen Charlotte Gainsbourg-ena. 

Perlak atalaren inaugurazinorako Gastón Duprat eta Mariano Cohn argentinarrek zuzendutako Competencia oficial komedia aukeratu dau Zinemaldiak. Penélope Cruz, Antonio Banderas eta Oscar Rodríguez aktoreek hartzen dabe parte Veneziako Mostran ikusi ahal izan dan film horretan.

Lehiaketatik kanpo datorren lan batek zarratuko dau Perlak. Tod Haynes estadubatuarrak zuzendutako The Velvet Underground izen bereko musika-taldearen inguruko lana da, Lou Reedek gidatutako bandearen eragin sakona aztertzeko asmoz egina.

Lehiaketaz kanpoko emonaldi berezietan ikusi ahal izango dira, ganera, Julia Ducournau frantziarraren Titane eta Ryusuke Hamaguchi japoniarraren Drive My Car.

Lehiaketeari jagokonez, aitatzekoak dira bere ama Jane Birkinen inguruan Charlotte Gainsbourgek zuzendutako Jane par Charlotte, François Ozon frantziarraren Tout s'est bien passé eta Ryusuke Hamaguchik sail honetan aurkeztuko dauen bigarren filma, Berlinen Zidarrezko Hartza irabazi dauen Guzen To Sozo

Egitarauan agiri diran ganerako zuzendariak dira Paul Verhoeven, Louis Garrel, Xavier Giannoli, Joachim Lafosse, Emmanuel Carrère, Céline Sciamma, Shipei Wen eta Sean Baker.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu