Hamar film lehiatuko dira Horizontes Latinos sailean
2021-08-04 12:55 ZinemeaHiru opera prima dagoz aurtengo egitarauan.
Latinoamerikako zinemagintzako jokera barriak ezagutzeko leihoa izaten da urtero Donostiako Zinemaldiko Horizontes Latinos atala. Aurtengo edizinoan, hamar film aukeratu ditue atal horretan erakusteko, Horizontes saria jokoan dala. Argentina, Kolonbia, Brasil, Venezuela, Costa Rica, Mexiko eta Uruguaiko zinemagileen lanak ikusiko dira Donostian, baita suitzar batena be, Latinomerikagaz koprodukzinoan.
Zinemaldiak berak sormenari laguntzeko antolatzen dauen Work in progress programatik pasau dira 2021eko Horizontes Latinos sailean parte hartuko daben bost pelikula. Era berean, hiru zuzendarik euren lehenengo film luzea edo opera prima aurkeztuko dabe Donostian.
Horizontes Latinos sailak erakusten dau Zinemaldiak Latinoamerikagaz dauen lotura sendoa. Bertan agertzen diran film luze guztiak Espainian emon bakoak izaten dira, Latinoamerikan osorik edo zati baten produziduak, jatorri latinoko zinemagileek zuzenduak, edo, behintzat, komunidade latinoa ardatz dabenak.
Lanik onenari Horizontes Saria (35.000 euro zuzendariarentzat eta filma Espainian merkaturatzeko ardurea dauen banatzailearentzat) emoten deutso epaimahaiak.
2021eko Horizontes Latinos saileko filmak
- Jesús López (Maximiliano Schonfeld, Argentina).
- El empleado y el patrón (Nanuel Nieto Zas, Uruguai).
- Amparo (Simón Mesa Soto, Kolonbia).
- Aurora (Paz Fábrega, Costa Rica).
- Azor (Andreas Fontana, Suitza).
- La caja (Lorenzo Vigas, Venezuela).
- Madalena (Madiano Marcheti, Brasil).
- Noche de fuego (Tatiana Huezo, Mexiko).
- Piedra noche (Iván Fund, Argentina).
- Una película de policías (Alonzo Ruizpalacios, Mexiko).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!