Iciar Bollainen 'Maixabel', Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean

Bizkaie! 2021-08-02 08:16   Zinemea

Fernando León de Aranoa, Paco Plaza eta Jonás Trueba be Urrezko Maskorra irabazteko lehian izango dira.

'Maixabel' filmeko irudi bat | Ikusi handiago | Argazki originala

Espainiako zinemagintzea Sail Ofizialean ordezkatuko daben pelikulen barri emon dau Donostiako Zinemaldiak, eta bertan agiri da Maixabel, Euskal Herriko historiaren oraintsuko pasarte garrantzitsuen lekukotzea emoten dauen lana. Iciar Bollainen filmak Maixabel Lasaren barri emoten dau, ETAk hildako Juan Mari Jauregiren alargunarena.

Blanca Portillo da pelikulako aktore nagusia, berak egiten dau Maixabel Lasaren papela. Luis Tosar da beste protagonista nagusia. Maixabel filmean, atentatutik urte batzuetara eroango gaitu istorio nagusiak, 2011ra. Langraitz Bidea dalakoari heldu deutsan ETAkide ohi batek Jauregiren alargunagaz alkartzea erabagi dau, berradiskidetzearen aldeko pausua izango dalakoan. 

Iciar Bollain madrildarrak laugarren aldiz hartuko dau parte Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean. Aurretik, Te doy mis ojos (2003), Mataharis (2007) eta Yuli (2018) aurkeztu zituan. 

Zinemaldiaren 69. edizinoan Espainiaren ordezkari izango diran Sail Ofizialeko beste hiru filmak honeek dira: Fernando León de Aranoaren El Buen Patrón, Javier Bardem aktore nagusi dala; Paco Plazaren La abuela bildurrezko pelikulea; eta Jonás Truebaren Quién lo impide

Hortaz, 69. edizinoko Sail Ofizialeko zuzendarien eta Urrezko Maskorra irabazteko hautagaien zerrendea gero eta potoloagoa da. Lehendik iragarrita egon dira Inés Barrionuevo, Laurent Cantet, Terence Davies, Alina Grigore, Lucile Hadzihalilovic, Zhang Ji, Tea Lindeburg, Claudia Llosa eta Claire Simon.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu